Itxi

Txirrindularitza

7 urteren ostean

Euskaltelek Euskadi Fundazioa babestuko du datozen lau urteetan

eitb.eus

Taldeak elastiko laranja jantziko du berriro eta aurreko etapan erabilitako izena berriro erabili ahal izateko eskaera egin du.

1:49
Mikel Landa, Xabier Iturbe eta Euskalteleko maillot berria

Euskaltel enpresak eta Euskadi Fundazioak lankidetza hitzarmena sinatu dute, 2023ra arte, "taldeak elite mailan lortutako arrakasta eta garaipenak berritu nahian". Horrela, telekomunikazio enpresak txirrindularitza proiektuarekin bat egin du babesle nagusi moduan, eta talde profesionalari izena emango dio etapa berrian. Babesa errepidean estreinatuko da da, Euskal Herriko Itzulian hain zuzen, apirilaren 6tik 11ra.

Akordioaren berri emateko prentsaurrekoa eman dute, Bilbon. Euskaltelen ordezkari gisa Xabier Iturbe presidentea eta Jose Miguel Garcia kontseilari delegatua izan dira, eta Euskadi Fundazioaren izenean, Mikel Landa presidentea eta Jesus Ezkurdia managerra.

Ekitaldian, taldeak eramango duen janzkeraren diseinua aurkeztu dute. Gainera, jakinarazi dute taldeak dagoeneko baimena eskatu diola UCIri, aurreko etapan erabili zuen izena berreskuratzeko.

Mikel Landa pozik azaldu da, "irauteko asmoz" sortu den hitzarmen "historikoagatik". Bere hitzetan, "gure helburua hazten jarraitzea denez, Euskaltelen babesak bultzada handia emango digu".

Ildo horretatin, txirrindulari arabarra ilusioz beteta agertu da: "Taldea merezi duen lekura eraman nahi dugu. Euskaltelekin garatuko dugun lankidetza eta UCI ProTeam kategoriara emandako jauzia bide horretatik doaz".

Bestetik, Xabier Iturbek nabarmendu duenez, "Euskaltelek txirrindularitzarekin duen harremana eta Euskadi Fundazioarena historia arrakastatsua izan dira. Batasun handi hori berregin nahi dugu, bere garaian zale guztien artean sortu zuen ilusioa berreskuratzeko. Sentipen eta balio berberak ditugu. Talde hau bakarra da, herrialde osoaren ordezkaria da eta horren parte izan nahi dugu berriro".

Bukatzeko, Iturbek azpimarratu du, "Mikel Landak zuzendutako proiektu berriak konfiantza handia ematen digu, lan handia egiten ari delako".

Denboraldi honetarako taldea honako hau da:

Antonio Jesus Soto, Diego Lopez, Dzmytri Zhygunov, Gari Bravo, Gotzon Martin, Ibai Azurmendi, Unai Cuadrado, Iker Ballarin, Joan Bou, Jokin Aranburu, Juanjo Lobato, Julen Irizar, Mikel Alonso, Antonio Angulo, Mikel Aristi, Mikel Bizkarra, Mikel Iturria, Peio Goikoetxea, Ruben Fernandez eta Txomin Juaristi.