Itxi

Txirrindularitza

Ofiziala

Miguel Indurain Sari Nagusia, bertan behera

Erredakzioa

Estella-Lizarrako Txirrindulari Elkarteak jakinarazi duenez, 2020ko edizioa bertan behera garatzen da koronabirusaren pandemiaren eraginez.

  • Jonathan Hivert eta Miguel Indurain. Argazkia: EFE

    Jonathan Hivert, 2019ko irabazlea, eta Miguel Indurain. Argazkia: EFE

2020ko Miguel Indurain Sari Nagusia bertan behera geratu da, igande honetan lasterketako antolatzaileek jakitera eman dutenez. Koronabirusak eragindako pandemia dela eta, lasterketa ezingo da aurreikusita zegoen datetan egin.

"Estella-Lizarrako Txirrindulari Elkarteko zuzendaritzak erabaki duenez, 2020ko Miguel Indurain Sari Nagusia bertan behera geratzen da, koronabirusa kontagiatzeko arriskua handia baita txirrindularientzat, taldeetako kideentzat, antolatzaileentzat, baita prentsako eta segurtasuneko langileentzat, eta, batez ere, zaleentzat", adierazi du proba hori antolatzen duen elkartearen zuzendaritzak ohar ofizialean.

Bestalde, zuzendaritzak barkamena eskatu die babesle, txirrindulari, talde eta zale guztiei. Azken unera arte konponbideak bilatzen ibili direla, baina ez dutela beste irtenbiderik izan gaineratu dute.

Komunikatua amaitzeko, honakoa adierazi du Estella-Lizarrako Txirrindulari Elkarteko zuzendaritzak: "Zaila izango den arren, lasterketa denboraldi honetan egin ahal izateko data bat bilatzen saiatuko gara, eta lasterketa aurten antolatzeko datarik topatu ezin badugu, 2021ean egingo dugu, UCI Pro Series mailako lasterketa izango garela ospatzeko, zale, jarraitzaile eta babesle guztiok merezi dugun bezala".