Itxi

Txirrindularitza

Frantziako Tourra

Zenbait atxilotu Arkearen inguruko ikerketan, dopinagatik

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Frantziako Poliziak taldearen hainbat gela miatu zituen asteazkenean, horien artean Nairo Quintana kolonbiarrarena.

  • Arkeako txirrindulariak Frantziako Tourreko etapa baten hastapenean

    Arkeako txirrindulariak Frantziako Tourreko etapa baten hastapenean. Argazkia: EFE

Hainbat pertsona atxilotu dituzte Arkéa-Samsic taldearen barruan (Nairo Quintana txirrindulari kolonbiarra dago bertan) dopin susmoengatik Frantziako Fiskaltzak irekitako ikerketaren baitan, Frantziako hedabideek astelehen honetan jakitera eman dutenez.

Le Parisien egunkariaren arabera, Frantziako talde horretako bi medikuetako bat eta Quintanaren fisioterapeuta espainiarra eraman dituzte preso. Komunikabide horren arabera, txirrindulari kolonbiarra eta bere anaia Dayer galdekatu dituzte goizean.

Ikerketa "kirolari bati,medikuaren justifikaziorik gabe, debekatutako substantziak edo metodoak ematea eta agintzea" eta "debekatutako produktuak garraiatzea" egotzita ireki da.

Ikerketa Marseillako Fiskaltzaren esku dago, eta "osasun produktu ugari, botikak eta dopatzailetzat jo daitekeen metodo bat" aurkitu ostean abiatu dute.

Halaber, astelehen honetan bertan jakin da, Frantziako jendarmeriak Quintanaren eta haren bi herrikideren hoteletako gelak arakatu zituela joan zen astean, igandean amaitu zen Tourra lehiatzen ari zirela. Frantziako prentsaren esanetan, miaketa asteazkenean egin zuten, Alpeetako Megève hotelean, goizeko lehen orduan.

Aurreko asteazkenean gertatu zen, Alpeetako Megeve hotelean, bertako prentsak argitaratu duenez, eta Nairo Quitana, Dayer Quintana eta Winner Anacona txirrindularien eta bi masajisten geletan izan ziren miaketak; Arkea taldeko kotxeak ere ikusi zituzten.

Ingurumenaren eta osasun publikoaren aurkako delituen brigadako agenteak epailearen aginduarekin iritsi ziren, eta Quintanaren, Dayer anaiaren eta Winner Anaconaren gelak miatu zituzten, baita masajistenak ere. Horrez gain, taldeko ibilgailu batzuk ere ikuskatu zituzten, Le Journal du Dimanche agerkariak azaldu duenez.

Bere aldetik, Le Parisienen esanetan, tresna pertsonalen artean 100 mililitro serum fisiologiko eta "injekzioetarako materiala" aurkitu zituzten. Egunkariak gogorarazi duenez, dopin kasu berrietan serum fisiologikoa erabiltzeak odoleko globulu gorrien maila murrizteko balio izan du.

Le Journal du Dimanche egunkariaren arabera, Frantziako Dopinaren Aurkako Agentziarekin (AFLD) loturar izan gabe egin zen miaketa. Aipatu agentzia da Tourrean dopin kontrolak egiteaz arduratzen dena.

Quintana podiumera laugarrenez igotzeko aukerarekin iritsi zen Tourrera; alabaina, hiru eroriko izan zituen, eta, azkenerako, 17. postuan bukatu zuen, Tadej Pogacar esloveniarrarengandik ordubete baino gehiagora.