Itxi

Txirrindularitza

Roglic, faborito nagusia

Irun, prest gaur Vueltaren irteera hartzeko

eitb.eus

Chris Froome, Enric Mas, Tom Dumoulin eta Richard Carapaz aurkari nagusienak izango dira eta 10 euskal txirrindulari egongo dira irteeran.

  • Primoz Roglic

    Primoz Roglic

Primoz Roglic (Jumbo Visma) esloveniarrak erdietsi zuen garaipena 2019ko Espainiako Itzulian eta aurten, 1 zenbakia duela, garaipen hori defendatuko du Chris Froome, Enric Mas, Tom Dumoulin eta Richard Carapaz aurkarien aurrean.

Itzulia astearte honetan hasiko da Irunen eta, urtero legez, Madrilen amaitu azaroaren 8an.

Roglicek bigarren egin du aurtengo Frantziako Tourrean eta Lieja-Bastogne-Lieja klasikoa irabazi; Itzulia irabazteko talde indartsua izango du Tom Dumoulin, Robert Gesink, George Bennett eta Sepp Kuss txirrindulariekin batera.

Tourrean etapa garaipena duten Enric Mas eta Alejandro Valverde (Movistar) Nans Peters (AG2R), Alexey Lutsenko (Astana) eta Daniel Martinez (EF) gizonek ere hartuko dute parte.

Maila handiko txirrindulari asko

Denboraldi honetan zorte handirik izan ez duten txirrindularientzat aukera ona da aurtengo Vuelta, esaterako, Thibaut Pinot, David Gaudu (Groupama-FDJ) eta Esteban Chaves (Mitchelton-Scott) edo David De La Cruz (UAE Emirates) bezalako gizonentzat.

Iruneko irteeran ere Michael Woods (EF Pro Cycling), Dylan Teuns (Bahrein-McLaren), Tim Wellens (Lotto-Soudal), Andrea Bagioli eta Mauri Vansevenant (Deceuninck-Quick Step) egongo dira.

Gizon azkarrak

Esprinterrak ere izango dira lasterketan. Faborito nagusienak hasiera batean hiru gizon dira, Sam Bennett (Deceuninck-Quick Step), Pascal Ackermann (Bora-Hansgrohe) eta Jasper Philipsen.

Euskal txirrindulariak

Aurtengo Espainiako Itzulian hamar euskal txirrindulari izango dira guztira. Honako hauek dira:

Astana Pro Team: Alex Aranburu, Omar Fraile eta Gorka Izagirre

Caja Rural: Jonathan Lastra, Jon Aberasturi, Julen Amezketa eta Aritz Bagues

Mitchelton-Scott: Mikel Nieve

Movistar Team: Imanol Erviti

Total Direct Energie: Romain Sicard