Txirrindularitza
Sendatze prozesua
Evenepoel bizikletan ibiltzen hasi da
Agentziak | EITB Media
Belgikako txirrindulariak aurrerapausoa eman du bere sendatze-prozesuan eta errepidean egin du ordubete baino gehiagoko lansaioa.
-
Remco Evenepoel, 2020ko Burgoo Itzulian. Argazkia: EFE
Remco Evenepoelek (Deceuninck-Quick Step) aurrerapausoa eman du bere sendatze prozesuan, bizikleta gainean ordubete t'erdiko entrenamendua egin baitu errepidean, medikuen baimena jaso ostean. 2020ko abuztuan lesio larria izan zuen Il Lombardian, eroriko baten ondorioz.
2019an Donostiako Klasikoa irabazi zuen txirrindulari belgikarra pozik azaldu da entrenamenduetara bueltatu delako, eta hauxe publikatu du sare sozialetan: "Azkenean, gaur bizikleta gainean ibili ahal izan naiz aire librean. Goizean entrenamendu txiki bat egin dut arraboletan. Gero, kanpora, errepidera irteteko momentua izan da, eta hunkituta nago. Ez da lan saio luzea izan, ordubete t'erdikoa, baina segundo bakoitza aprobetxatu behar dut. Dena ondo joan dadila, eta egunero kanpoan entrenatu ahal izatea espero dut. Eskerrik asko zuen babesagatik".
Bestalde, Phil Jansen taldeko medikua ere baikor azaldu da, baina pazientziaz hartu beharreko kontua dela gogoratu du: "Orain pozik gaude Remcok entrenamenduei ekin eta denboraldia hasi duelako, baina zuhurtziaz jokatu behar dugu. Remco lasterketa batean ikusi aurreko bidea luzea izango da, baina bide onetik doa".