Itxi

Txirrindularitza

ALPEETAKO TOURRA (2. ETAPA)

Etapa eta lidergoa Woods kanadarrarentzat

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Segundo bateko aldea ateratzen dio Bauke Mollema herbeheretarrari, lasterketa erabakiko duen hirugarren eta azken etaparen faltan.

  • Michael Woods.

    Michael Woods. Artxiboko argazkia: EFE

Michael Woods (Israel Start-Up Nation) kanadarrak bere egin du Itsas Alpeetako Tourraren bigarren etapa (168,9 kilometro), eta, gainera, sailkapen nagusiko liderraren maillota jantzi du, Bauke Mollema (Trek Segafredo) herbeheretarraren kaltetan. Izan ere, Mollema etapa garailearengandik bi segundora sartu da, eta orain segundo batera dago sailkapen nagusian.

Woodsek (34 urte) bere lehen garaipena lortu du Israel Start-Up Nation taldearen koloreekin, eta % 9,8ko batez besteko aldapa zeukan azken igoeran erritmo bizi eta etengabea ezarrita gailendu da.

Kanadarrarengandik bi segundora Mollema eta Jhonatan Narvaz (Ineos) ekuadortarra  helmugaratu dira; laugarren David Gaudu (Groupama-FDJ) frantziarra iritsi da.

Horrela, sailkapen nagusian Mollemarekiko daukan segundo bateko tartea defendatu beharko du kanadarrak, lasterketa itxiko duen hirugarren eta azken etapan. Blausascen hasi eta amaituko da (136 km), eta lehen mailako hiru mendate igo beharko dituzte txirrindulariek.

Bestalde, Jesus Herrada (Cofidis) espainiarra sartu da talde nagusiko buru, irabazlearengandik 13 segundora. Nairo Quintana (Arkea Samsic) ere bertan zen.