Itxi

Txirrindularitza

STRADE BIANCHE

Van der Poelek bere nagusitasuna erakutsi du Sienan

A. A. | EITB MEDIA

Herbeheretarrak Julian Alaphilippe eta Egan Bernal gainditu ditu azken aldapan.

1:42
Van der Poel

Mathieu Van der Poel (Alpecin Fenix) herbeheretarrak irabazi du Strade Bianche lasterketako 15. edizioa, Julian Alaphilippe frantziarra eta Egan Bernal kolonbiarrarekin nor baino nor gehiago jardun ostean.

Van der Poelek (26 urte) Toskanako proba ospetsua bereganatu du tropeleko aurkari onenen aurrean azken erakustaldi bat eman ondoren. Sienako sarrerako aldapetan sartu denean emandako eraso-kolpeak helmugara bakarrik iristea ahalbidetu dio, Alaphilippe baino sei segundo lehenago eta Bernal baino hogei segundo aurretik. Pello Bilbao (Bahrain Victorious) bizkaitarra hamargarren sailkatu da.

2020ko Flandriako Tourraren eta 2019ko Amsteleko irabazleak, bere ametsetako garaipenetako bat eskuratu du 184 kilometroko ibilbidean zehar (horietako 64 lurrezko pistetan).

Proba, txirrindulari ez hain entzutetsuen arteko ihesaldi batekin hasi da, eta faborito nagusien arteko lehia biziarekin amaitu da. Tartean, eta behin betiko mugimenduen aurretik, Gonzalo Serrano madrildarrak eren jarri du haren atzetik Van Avermaet, Gorka Izagirre eta Kasper Asgreen atera direnean.

Alaphilippek erasoa jo du eta faboriton hautaketa egin du

Lur-pistako 8. sektoretik gertu (helmugatik 52 kilometrora), Alaphilippek aurrera jo du, agerian utzi ditu zenbaitzuen ahuleziak. Lehen abisu serioa izan da. Frantziarrarekin batera kalitate handiko beste zazpi txirrindulari elkartu dira: Van Aert, Van der Poel, Pogacar, Bernal, Pidcock, Simmons estatubatuarra (19 urte) eta Gogl poloniarra.

Atzetik, Pello Bilbao, Fuglsang, Mollema eta ihesaldiaren gurpila garaiz hartu ez duten bigarren mailako beste hautagai batzuk erruz aritu dira lanean ihesaldia bertan behar gera zedin.

Aitzitik, zulatu bat izan duen Simmons gabe geratu diren aurreko zazpiek elkar hartuta jarraitu dute helburu bakarrarekin: garaipena euren artean jokatzea, beste arrotzik gabe. Lur-pistetako 9. tartean (helmugatik 23 kilometrora), Alaphilippek berriro egin du. Bere oldarraldiak Van Aert eta Pidcock jokoz kanpo utzi ditu une batez, baina kilometro batzuk aurrerago bat egitea lortu dute berriro, asko sufrituta izan bada ere..

Van der Poel, geldiezin

Denak elkarrekin sartu dira 11. lurrezko tartean sartu ziren, baina berehala Mathieu Van der Poelek aurrera jo du, eta Alaphilippe baino ezin izan dio erantzun. Gerora, Bernal batu zaie.

Azken igoeran, ehuneko 16ko aldapa erabakigarriarekin, Van der Poelek azken eraso gogor bat jo du, atzera begiratu gabe, eta 50 metroko zuloa ireki du, nahikoa irabazteko, Alaphilippe ahituta baitzegoen, eta Bernal saiatu ere ez baita egin haren atzetik joaten, eta hala iritsi dira helmugara.