Itxi

Txirrindularitza

PARIS-NIZA (8. ETAPA)

Roglicen zoritxarrak garaipena eman dio Schachmanni; Izagirre hirugarren geratu da

A. A. | EITB MEDIA

Esloveniarra erori egin da, eta, ondoren, matxura izan du. Azkenerako, garaipenerako aukerarik gabe geratu da. Ondorioz, Ion Izagirre ormaiztegiarrak toki bat egin du gora sailkapenean.

  • Maximilian Schachmann azken podiumean.

    Maximilian Schachmann azken podiumean. Argazkia: EFE

Maximiliam Schachmann (Bora) alemaniarrak bigarren aldiz jarraian bereganatu du Paris-Niza lasterketa. Azken jardunaldira liderraren elastikoarekin iritsi den Primoz Roglic (Jumbo-Visma) esloveniarrak bi ezbehar izan ditu: lehendabizi erori egin da eta gero matxura mekaniko bat izan du. Gertaera bi horiek azken garaipenaren lehiatik kanpo utzi dute.

Roglicek 52 segundoko aldearekin ekin dio 92 kilometroko azken etapari, eta ez zirudien ezerk eragotziko zionik podiumeko lehen mailatik aldentzea. Alabaina, Jumbo-Visma taldeko txirrindularia berehala okertu zaio eguna, 70 kilometroren faltan erorikoa izan baitu. Dena den, ahalegin handia egin ostean, tropelera itzultzea lortu du.

Aitzitik, azkenean, ahalegin horrek ez dio ezertarako balio izan, matxura mekaniko batek tropeletik aldentzea eragin baitio.

Egoera horren aurrean, Schachmannek eta bere taldeak lasterketaren erritmo bizitu dute, Roglic behin betiko atzean uzteko asmoz. Esloveniarrak, azkenerako, hiru minutuko atzerapenarekin helmugaratu da.

Gaurkoa, beste kolpe gogor bat izan da esloveniarrarentzat, iaz Tourreko azken aurreko jardunaldian Tadej Pogacar herrikidearen aurka Frantziako lasterketa handia galdu ostean.

Roglic azken garaipena lortzeko borrokatik kanpo zegoela, Schachmann alemaniarrak bere bigarren Paris-Niza jarraian irabazteko bidea libre aurkitu du Aleksandr Vlasov (Astana) errusiarraren (19 segundora) eta Ion Izagirre (Astana) gipuzkoarraren (23 segundora) aurretik.

Bestalde, Magnus Court (EF) danimarkarrak etapa garaipena lortu du Christophe Laporte (bigarren) eta Pierre Latour (hirugarren) frantziarrei 20 txirrindulariz osatutako talde txiki bateko esprintean irabazita. Talde horretan ziren ere Schachmann, Vlasov eta Izagirre.