Itxi

Txirrindularitza

KATALUNIAKO ITZULIA

Adam Yatesek bereganatu du mendeurreneko edizioa eta De Gendtek azken etapa

A. A. | EITB MEDIA

Britainiarra Ineos taldeko nagusitasunaren buru izan da; izan ere, bigarren eta hirugarren postuetan Richie Porte eta Geraint Thomas taldekideak sailkatu dira.

  • Ineoseko Adam Yates, Richie Porte eta Geraint Thomasek osatu dute podiuma.

    Ineoseko Adam Yates, Richie Porte eta Geraint Thomasek osatu dute podiuma. Argazkia: Efe

Adam Yates (INEOS Grenadiers) txirrindulari britainiarrak irabazi du Kataluniako Voltaren 100. edizioa, Bartzelonan hasi eta amaitu den 133 kilometroko zazpigarren eta azken etaparen ostean. Eguneko garaipena Thomas de Gendt (Lotto Soudal) belgikarrak eskuratu du, helmugara ihes eginda heldu eta gero.

Yatesek Miguel Angel Lopez kolonbiarra ordezkatu du palmaresean, eta, hartara, 2019ko edizioko bigarren postua hobetu du, mendeurreneko ekitaldiko txapeldun gisa izena emateko. Podiumean bi taldekide izan ditu aldamenean, Richie Porte australiarra eta Geraint Thomas britainiarra, 45 eta 49 segundora, hurrenez hurren.

Eguneko etapari dagokionez, Peter Sagan (Bora-Hansgrohe) eslovakiarrak eguneko lehen esprinta irabazi ostean, eta helmugarako 100 kilometro baino gehiago falta zirenean, tropela eten duten erasoak kateatu dira.

Horrela, 32 txirrindularik ihesaldi oparoa osatu dute, bertan izan dira, besteak beste, Marc Soler (Movistar) eta Luis Leon Sanchez (Astana-Premier Tech) edota Rigoberto Uran (EF Education-NIPPO). Iheslariek 4 minutuko tartea izan dute Montjuiceko sei igoerako zirkuituari ekin baino lehen.

Igoera horietako lehenengoan, Thomas de Gendt (Lotto Soudal) belgikarrak salto egin du ihes egindakoen taldetik, eta Matej Mohoric (Bahrain Victorious) esloveniarra atera da haren atzetik. Laster lortu dute tarte txiki bat, atzetik talde jazarlea hirutan zatitzen zen bitartean.

Koen Bouwman herbeheretarra (Jumbo-Visma) bakarka saiatu da bikotea harrapatzen. Bitartean, tropelaren buruan Movistar lanean ibili da, Alejandro Valverde podiumean sartzen saiatzeko, baina azkenean INEOSek ekidin egin du.

De Gendtek eta Mohoricek 1:08ko errentarekin egin diote aurre azken igoerari, eta bost kilometroren faltan belgikarra izan da behin betiko kolpea eman duena, azken etapan garaipena lortzeko.