Txirrindularitza
20. etapa
Miguel Angel Lopezek Vuelta utzi du etapa amaitu aurretik, podiumeko lehiatik at geratu dela ikusita
EITB MEDIA
Kolonbiarra sailkapen nagusiko hirugarren postuan zegoen 20. etapa jokatu aurretik.
-
Miguel Ángel López. Argazkia: EFE
Miguel Angel Lopez kolonbiarrak (Movistar) bertan behera utzi du Espainiako Itzulia, 20. etapa lehiatzen ari zela. Jardunaldia hasi aurretik podiumeko hirugarren tokian sailkatuta zegoen txirrindulariak lasterketa amaitutzat jotzea erabaki du jardunaldia amaitzeko 20 kilometro falta zirenean, podiumeko borrokatik kanpo geratu dela ikusi eta amore eman eta gero.
Hogeita hamar bat kilometroko jazarpenaren ondoren, Pesca (Kolonbia) gelditu eta errepidearen alde batean eseri da, inolako arrazoirik gabe eta modu polemikoan.
Patxi Vila zuzendariaren iritsierak ere ez du kolonbiarraren jarrera aldatzeko gai izan, ezta Imanol Erviti taldekidearenak ere, eta bizikleta hartu gabe geratu da.
Lopez bikain nagusitu zen Gamoniteiro mendate gainean amaitu zen hamazortzigarren etapan, eta podiuma ia ziurtatuta zuen Sanxenxoko hogeigarren etapan irten aurretik.
Klasiko baten pareko ibilbidea zeukan etapa tenkatu egin da bere bigarren zatian. Hala, egunean zehar txirrindulariek aurre egin behar zituzten bost mendateetatik 1. mailakoa zen bakarra igotzen ari zirela (Mougaseko gaina) Lopezek podiumak nola ihes egiten zion ikusi du.
Izan ere, Jack Haigek (Bahrain), une horretan sailkapen nagusiko laugarren postuan zegoen txirrindulariak, aurrera egin du Gino Mäder taldekidearekin, Primoz Roglic (Jumbo), Adam Yates (Ineos) eta Enric Masekin (Movistar) batera.
Kilometroak aurrera egin ahala, taldekiderik eta laguntzarik gabe zegoen Lopezek minutuak bata bestearen atzetik galtzen zegoela ikusi du lasterketa uztea erabaki zuen arte.
Txirrindularitza profesionalean aurrekari gutxi dituen erabakia izan da, Vueltaren amaierako jardunaldi bat baino falta ez zela eta, itxuraz, inolako arrazoirik gabe. "Superman" ek bi urteko kontratua sinatu berri du Movistarrekin.