Itxi

Txirrindularitza

Errekorra

Dowsett britainiarrak ezin izan du orduaren errekorra gainditu

I. G. | EITB MEDIA

Victor Campenaerts belgikarraren 55,089 kilometroko errekorra gainditu behar zuen. Dowsett 54,555 kilometrotan geratu da, errekorretik 534 metrotara.

  • Alex Dowsett

    Alex Dowsett. Irudia: EFE

Alex Dowsett txirrindulari britainiarrak ez du orduaren errekorra gainditu (55,089 kilometro gainditu behar zituen) Aguascalientes hiriko belodromoan, Mexiko erdialdean.

"Egia esan, motel samar egon nintzen, bero handia egiten zuen, klima oso gogorra izan zen, hezetasun handia zegoen giroan; korapilo bat sentitzen dut eztarrian, itxaropen handiak baikenituen", azaldu zuen Dowsettek errekorretik 534 metrora geratu zen proba amaitzean.

33 urteko britainiarrak 25 gradu inguruko tenperaturari eta % 70eko hezetasunari egin zien aurre.

Dowsett, Star-Up Nation talde israeldarrean dagoena, bi itzuli pasatxora geratu zen (belodromo mexikarra 250 metrokoa da) Victor Campenaerts belgikarrak 2019ko apirilaren 16an agertoki honetan lortu zuen errekorretik.

Britainiarra motel hasi zen, eta ia segundo bat atzeratu zen lehen 10 kilometroetan, baina atzerapen hori areagotu egin zen 15 kilometroak pasata, bi segundora iritsi arte.

80 itzuli burutu eta 20 kilometroko ibilbidea egin ondoren (21 minutu eta 50 segundo) Dowsett Campenaertsen errekorra baino2933 segundo gorago zegoen.

28. eta 30. kilometroen artean, Dowsettek abiadura gehiago galdu zuen, eta hautsi nahi zuen marka baino bost segundo gorago jarri zen.

Nekea nabariagoa izan zen azken ordu laurdena hasi baino lehen. 40. kilometroan erlojuak 43:42.599 minutu markatzen zituen, eta Dowsettek abiadura jaitsi zuen, Campenaertsek ezarritako mugatik 10 segundora kokatuz.

Saiatu arren, ezin izan zuen orduko 55 kilometroko abiadura gainditu.

50 kilometroak gaindituta, britainiarra helmugatik 27 segundora zegoen, eta azkenean 34 segundoko atzerapena izan zuen. Azkenean, bere marka 54,555 kilometrotan geratu zen.