Itxi

Txirrindularitza

'Esprinterren Mundiala'

Merlierrek lortu du garaipena Brujas-De Panne klasikoan, esprintean Groenewegen mendean hartuta

Agencias | EITB Media

Tim Merlierrek irabazi du 'Esprinterren Mundiala' moduan ezagutzen den lasterketa. Belgikarra nagusi izan da azken metroetan, baina fotofinisha begiratu behar izan dute epaileek. Dylan Groenewegen izan da bigarren, eta Nacer Bouhanni hirugarren.

  • Merlier eta Groenewegen

    Merlier eta Groenewegen txirrindulariek helmuga gurtzatu duten momentua. Argazkia: @bruggedepanne

Tim Merlierrek (Alpecin Fenix) irabazi du Brujas-De Panne klasikoa, asteazken honetan. Esprintean lortu du garaipena belgikarrak, baina epaileek fotofinisha erabili behar izan dute garaile nor izan den jakiteko.

Merlier izan da "Esprinterren Mundiala" moduan ezagutzen den lasterketako garailea. Esprint estuan mendean hartu du bigarren izan den Dylan Groenewegen (BikeExchange). Nacer Bouhanni (Arkéa Samsic) izan da hirugarren.

Txirrindulariek 207 kilometroko ibilbide laua gainditu behar izan dute. De Moereneko zati arriskutsua ez da erabakigarria izan, nahiz eta urduritasunek eta hutsek erorikoak eragin dituzten. Quick Step taldeak erritmoa bizitu du azken txanpan, Mark Cavendishen garaipenean pentsatuz, baina britainiarra ez da ondo kokatuta iritsi azken zuzengunera. Cavendish aukerarik gabe geratu eta Ackermann erori egin dela ikusita, Groenewegenek erasoa jo du urrutitik, eta Merlierrek jarritu egin dio; biak parean iritsi dira helmugara, epaileek fotofinisha erabili behar izan dute irabazlea zein izan den jakiteko, eta irudiek argi utzi dute Tim Merlier izan dela garailea.

Sailkapena:

1 - MERLIER Tim (Alpecin-Fenix) 4:45:41

2 - GROENEWEGEN Dylan (BikeExchange - Jayco) d. b.

3 - BOUHANNI Nacer (Arkea Samsic) d. b.

4 - WALSCHEID Max (Cofidis) d. b.

5 - KOOIJ Olav (Jumbo-Visma) d. b.

6 - DÉMARE Arnaud (Groupama - FDJ) d. b.

7 - CONSONNI Simone (Cofidis) d. b.

8 - DE LIE Arnaud (Lotto Soudal) d. b.

9 - STUYVEN Jasper (Trek - Segafredo) d. b.

10 - HAUSSLER Heinrich (Bahrain - Victorious) d. b.