Itxi

Txirrindularitza

23. EKITALDIA

Warren Barguilek bereganatu du Miguel Indurain Sari Nagusia

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Arkea taldeko frantziarrak Aleksander Vlasov gainditu du talde txiki bateko esprintean.

  • Warren Barguilek eskua altxatu du garaipena lortu ostean

    Warren Barguilek eskua altxatu du garaipena lortu ostean

Warren Barguil (Team Arkea) nagusitu da larunbat honetan jokatu den Indurain Sari Nagusian, Lizarrako esprintera alde eginda heldu den 10 txirrindulariko taldetxoan azkarrena izanda. Haren ostean sartu dira Aleksandr Vlasov  errusiarra (Bora–Hansgrohe) eta Simon Clarke (Israel –Premier Tech) australiarra. Hala, 30 urteko txirrindulariak Alejandro Valverderen lekua hartu du palmaresean.

Lasterketaren 31. ekitaldia eguraldi txarrak baldintzatuta egon da; izan ere, antolatzaileek aurreikusitako ibilbidea moldatu egin behar izan dute hainbat igoera kenduz.

Hala, hasierako 200 kilometroak 191ra murriztu dira, eta Eraul, Girgillao, eta Lezaun mendateetako pasaerak albo batera utzi dituzte. Ibarrako aldapa baino ez da geratu eguneko zailtasun gisa.

Eguneko ihesaldia 9 txirrindulariz egonda osatuta: Paul Lapeira (AG2R), Oscar Cabedo (Burgos BH), Stephen Basset (Human Powered Health), Jon Barrenetxea (Caja Rural), Ivan Cobo (Kern Pharma), Alex Martin (Eolo Kometa), Rafa Reis (GlassDrive), Mikel Bizkarra eta Txomin Juaristi (Euskaltel-Euskadi).

Helmugarako 75 kilometroren faltan, Barrenetxea bizkaitarrak ezbehar bat izan du haize-bolada batekin, eta erori egin da. Horren ondorioz, ebaki bat izan du ezpainean, baina iheskideekin bat egin ahal izan du kilometro batzuk geroago.

Movistar Teamek eta UAEk tropeletik tiratu dute, eta ihesaldiak amore egin behar izan du amaierarako 30 bat kilometrora.

Hainbat erasoren ondoren, Gorka Izagirre (Movistar), Aleksander Vlasov (BORA), Pello Bilbao (Bahrain), Jefferson Cepeda (Caja Rural) eta Victor Lafayk (Cofidis) aurrera egin dute helmugarako 10 kilometroren, eta 14 segundoko tarte polita ireki dute.

Bazirudien zabaldutako tartea nahikoa izan zitekeela, baina tropelak harrapatu egin ditu 2,4 kilometroren faltan, eta berdintasunari eutsi dio Ibarrako azken jaitsierara arte. Horren ostean, 10 txirrindulari iritsi dira helmugara, eta Barguil izan da azkarrena.