Itxi

Txirrindularitza

Alpeetako Tourra (2. etapa)

Pello Bilbao nagusitu da Alpeetako Tourreko bigarren etapan eta liderraren elastikoa jantzi du

EITB Media

Bahrain Victorious taldeko euskal txirrindulariak irabazi du bigarren etapa, Bardet eta Valter esprintean menderatuta, eta sailkapen nagusiko lehen postua eskuratu du, Bardet 6 segundora eta Valter 12ra dituela.

1:11
Pello Bilbao

Pello Bilbaok (Bahrain Victorious) irabazi du Alpeetako Tourreko bigarren etapa, Primiero/S. Martino di Castrozza eta Lana artean prestatutako 154,1 kilometroko ibilbidea izan duena. Gainera, Gernika-Lumoko txirrindularia da lasterketako lider berria.

Bizkaiko txirrindulariak amaiera bikaina eman dio taldeak azken kilometroetan egindako lan onari. Pello Bilbao esprintean nagusitu da, eta Romain Bardet (DSM) eta Attila Valter (Groupama - FDJ) sartu dira haren atzetik tropelaren aurretik.

Etaparen hasieran, hamaika txirrindularik osatutako ihesaldia sortu da. Bertan egon dira, besteak beste, Miguel Angel Lopez, Sivakov eta Caicedo txirrindulari garrantzitsuak. Ihes eginda ibili den taldean, Pavel Sivakovek (Ineos Grenadiers) jo du erasoa, eta lasterketa buruan gainditu du Passo de Medolla mendatea. Sivakovekin batera, Storer, Pernsteiner eta Arensman geratu dira lasterketaren buruan. Sivakovek eta Storerrek atzean utzi dituzte Pernsteiner eta Arensman helmugarako 30 kilometro falta zirenean. Passo delle Palade mendatearen jaitsieran, Pello Bilbaoren eta Mikel Landaren Bahrain Victorious taldea jarri da lanean, eta helmugara iristeko 10 kilometro falta zirenean harrapatu dituzte ihes egindakoak. Pellok lan ona egin du jaitsieran.

Azken kilometroan, Bahrain Victorious taldearen estrategia ezin hobea izan da; lehenengo Santiago Buitragok bizitu du erritmoa, Mikel Landa jarri da lanean amaierako maldan, helmugatik 500 metrora, eta azken 200 metroetan jo du Pello Bilbaok, esprintean garaipena lortu eta taldearen lana biribilduta.

Sailkapen nagusiko lehen postuan dago Pello Bilbao, eta 6 segundo ateratzen dizkio bigarren postuan dagoen Bardeti. Valter da hirugarren, 12 segundora. Mikel Landa (Bahrain Victorious) 13. postuan dago, 20 segundora.

2. etapako sailkapena:

1 - BILBAO Pello (Bahrain Victorious) 3:56:05

2 - BARDET Romain (DSM) d. b.

3 - VALTER Attila (Groupama - FDJ) d. b.

4 - GALL Felix (AG2R Citroën) d. b.

5 - DUNBAR Eddie (INEOS Grenadiers) d. b.

6 - SIVAKOV Pavel (INEOS Grenadiers) d. b.

7 - CHAVES Esteban (EF Education-EasyPost) d. b.

8 - LANDA Mikel (Bahrain Victorious) d. b.

9 - PORTE Richie (INEOS Grenadiers) d. b.

10 - RUBIO Einer Augusto (Movistar) d. b.

Sailkapen nagusia:

1 - BILBAO Pello (Bahrain Victorious) 8:08:15

2 - BARDET Romain (DSM) + 6"

3 - VALTER Attila (Groupama - FDJ) + 12"

4 - GALL Felix (AG2R Citroën) + 16"

5 - SIVAKOV Pavel (INEOS Grenadiers) + 16"

6 - PORTE Richie (INEOS Grenadiers) + 16"

7 - CHAVES Esteban (EF Education-EasyPost) + 16"

8 - DUNBAR Eddie (INEOS Grenadiers) + 16"

9 - RUBIO Einer Augusto (Movistar) + 16"

10 - BUITRAGO Santiago (Bahrain - Victorious) + 16"
------------------------------------------------------------------
13 - LANDA Mikel (Bahrain Victorious) + 20"