Itxi

Txirrindularitza

UZTAILAK 30, LARUNBATA

2022ko Donostiako Klasikoaren profila eta ibilbidea: Donostia – Donostia (224,8 km)

A. A. | EITB MEDIA

Sei mendate puntuagarri gainditu beharko dituzte ibilbidean zehar (1. mailako bat, 2. mailako hiru eta 3. mailako bi). Horietako azkena (Murgil) helmugatik bost kilometro eskasera egongo da kokatuta.

  • Perfil de la Clásica de San Sebastián 2022.

    Perfil de la Clásica de San Sebastián 2022. Foto: klasikoa.eus

2022ko Donostiako Klasikoa uztailaren 30ean jokatuko da, eta iazko ibilbide gogorrari eutsiko dio (224, 8 kilometro). Hau da, sei mendate puntuagarri izango dira txirrindularien zain,  eta gainera, horietako azkena (Murgil) helmugatik gertu egongo da kokatuta.

Txirrindulariek gainditu beharko duten lehen zailtasuna Azkarateko gaina (3. maila, 4,2 kilometro eta % 7,3ko batez besteko maldak) izango da, 63. kilometroan iritsiko dena, hain zuzen ere. Hogei kilometro geroago, Urrakiko mendatearekin (2. maila, 8,6 kilometro eta % 6,9eko batez besteko maldak) egingo dute topo, eta 105. kilometrorako Alkizako igoera (3. maila, 4,4 kilometro eta % 6,2ko batez besteko maldak) gaindituko dute.

Ibilbideko lehen zati horren ostean, parte-hartzaileek igoera eta jaitsiera laburrez betetako 50 kilometroko tartetik igaroko dira, ibilbidearen bigarren zati erabakigarriari aurre egin aurretik. Azken zati horretan, Jaizkibel (2. maila, 7,9 kilometro eta % 5,6ko batez besteko maldak), Erlaitz (1. maila, 3,8 kilometro eta % 10eko batez besteko maldak) eta, batez ere, Murgilgo "horma" (2. maila, 2,1 kilometro eta % 10,1eko batez besteko maldak) izango dituzte zain.

Behin azken igoera horretatik pasatuta, bost kilometro eskas baino ez dira geratuko laskerteka amaitzeko. Gainera, bigarren mailakoa izan arren, malda esanguratsuak ditu, eta, ibilbide luzearen ostean, hor erabaki ohi da probaren nondik norakoa.

Klasikoaren azken ekitaldia Neilson Powless estatubatuarrak irabazi zuen faboritoen taldea ustekabean harrapatuta. Aurreko edizioetako irabazleak ere izen handiko nazioarteko txirrindulariak izan dira, hala nola, Julian Alaphilippe, Remco Evenepoel edota Michal Kwiatkowski. Emakumezkoen kategorian, Annemiek van Vleutenek eskuratu zuen garaipena

Lasterketa zuzenean ikusi ahal izango da eitb.eus-en eta ETB1en, 14:50etik aurrera.

KLASIKOAREN PROFILA:

2022ko Donostiako Klasikoaren profila. Argazkia: klasikoa.eus

2022ko Donostiako Klasikoaren profila. Argazkia: klasikoa.eus

KLASIKOAREN IBILBIDEA:

2022ko Donostiako Klasikoaren ibilbidea. Argazkia: klasikoa.eus

2022ko Donostiako Klasikoaren ibilbidea. Argazkia: klasikoa.eus

FITXA TEKNIKOA:

Ibilbidea: Donostia – Donostia.

Distantzia: 224,8 km.

Hasiera-ordua: 11:41.

Amaiera-ordua: 17:13 (42 km/h) | 17:30 (40 km/h) | 17:47 (38 km/h).

Mendiko saria: Azkarate (3. maila), 63. kilometroan; Urraki (2. maila), 83,9. kilometroan; Alkiza (3. maila), 104,9. kilometroan; Jaizkibel (2. maila), 161,9. kilometroan; Erlaitz (1. maila), 181,9. kilometroan eta Murgil (2. maila), 216,6. kilometroan.