Itxi

Txirrindularitza

4. etapa

Ackermannek irabazi du Poloniako Itzuliaren laugarren etapa, eta Higuita kolonbiarrak lider jarraitzen du

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Higuitak erorikoa izan du helmugatik 1,7 kilometrora, eta 3 minutu eta 32 segundora helmugaratu da. Hala ere, lidergoari eutsi dio, helmugatik bi kilometro baino gutxiagora erori baita.

7:59
Poloniako Itzulia

Sergio Higuita (BORA) kolonbiarrak lidergoa mantendu du Poloniako Itzulian. Bi kilometro baino gutxiagoren faltan, erorikoa izan du astearteko etapan, eta, horren ondorioz, Pascal Ackermann (UAE) irabazlearengandik 3 minutu eta 32 segundora helmugaratu da.

Erorikoak aurretik eraman ditu lasterketa buruko taldean zihoazen zenbait txirrindulari. Talde horretan zen Pello Bilbao (Bahrain) eta Ackermannen denbora berean helmugaratu da. Hortaz, gernikarrak sailkapen nagusiko bigarren postua mantenduko du.

Sergio Higuita helmugatik 1,7 kilometrora erori da, eta hiru minutu eta erdiko atzerapena izan du. Erorikoa azken bi kilometroetan izan denez, Higuitari etapako irabazlearen denbora bera eman diote, eta horrek liderraren elastiko mantentzeko balio izan dio.

Ackermannek esprintean irabazi du etapa. Lesko eta Sanok arteko 179,4 kilometroak 4 ordu, 21 minutu eta 46 segundoko denboran osatu ditu. Haren atzetik, Jordi Meeus belgikarra (BORA) eta Jonathan Milan italiarra (Bahrain) sartu dira, bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.

Ackermannen bigarren garaipena da 2022an; aurretik, Belgikan ospatu zen Bredene Koksijde klasikoa bere egin zuen. Gainera, bosgarren garaipena du Poloniako Itzulian, 2018an eta 2019an bina etapa irabazi baitzituen.

Pello Bilbao hamabigarren izan da, eta Richard Carapaz (INEOS), hogeigarrena; biak irabazlearen denbora berarekin. Gernikakoa bigarrena da sailkapen nagusian, Higuitarengandik lau segundora, eta hegoamerikarra, seigarren, 10 segundora.

Poloniako Itzuliko bosgarren etapa asteazken honetan jokatuko da, eta 178,1 kilometroko ibilbidea izango du.

 

4. etapako sailkapena:

1 - ACKERMANN Pascal (UAE) 4:21:46

2 - MEEUS Jordi (BORA) d.b.

3 - MILAN Jonathan (Bahrain) d.b.

4 - HERMANS Quinten (Intermarché) d.b.

5 - KOOIJ Olav (Jumbo-Visma) d.b.

6 - SCARONI Christian (Astana) d.b.

7 - ULISSI Diego (UAE) d.b.

8 - PACHER Quentin (Groupama) d.b.

9 - ANIOLKOWSKI Stanislaw (Poland) d.b.

10 - ARNDT Nikias (DSM) d.b.

 

SAILKAPEN NAGUSIA:

1 - HIGUITA Sergio (BORA) 19:52:46

2 - BILBAO Pello (Bahrain) +0:04

3 - HERMANS Quinten (Intermarché) +0:06

4 - ULISSI Diego (UAE) +0:10

5 - SOBRERO Matteo (BikeExchange) d.b.

6 - CARAPAZ Richard (INEOS) d.b.

7 - SCHMID Mauro (Quick-Step) d.b.

8 - PACHER Quentin (Groupama) d.b.

9 - GALL Felix (AG2R) d.b.

10 - WILLIAMS Stephen (Bahrain) d.b.