Itxi

Txirrindularitza

BURGOSKO ITZULIA

Timo Roosenek irabazi du Burgosko Itzuliko bigarren etapa, azken kilometroko erorikoak baldintzatu duena

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Jumbo taldeko hiru kidek bereganatu dituzte jardunaldiko lehen hiru postuak, Dekker haien taldekideak eragindako pilaketa saihestu ondoren.

  • Timo Roosen, etapa garaipena ospatzen

    Timo Roosen, etapa garaipena ospatzen. Argazkia: EFE

Timo Roosen (Jumbo-Visma) txirrindulari herbeheretarrak irabazi du Burgosko Itzuliko bigarren etapa, Vivar del Cid eta Villadiego artean jokatu dena (158 kilometro), Roosen taldekide David Dekkerrek eroriko handia eragin ondoren.

Ez da esprintik izan. Ez da etaparako lehiarik izan. Izan ere, Dekkerren erorikoa saihestu ahal izan duten hiru txirrindulari bakarrak Jumbo-Visma taldeko hiru kide izan dira, eta horiek bereganatu dituzte etapako lehen hiru tokiak.

Hala, Roosenek Dekker taldekidearen erorikoak tropelean eragindako nahasmen handiaren eraginez irabazi du. Hainbat txirrindularik lurrean amaitu dute, eta, beste zenbait, hesien aurka joan dira. Horren jatorria? 500 metrora zegoen sakangune bat.

Segurtasun eremuan zegoenez, Roosen gailendu da, eta gainerako parte-hartzaileek haren denbora bera izan beharko lukete, tropela bateratuta baitzegoen erorketa masiboaren unean. Hala, Santiago Buitrago (Bahrain-Victorious) kolonbiarrak jarraitzen du lidergoan.

Ostegun honetan, txirrindulariek Burgosko Itzuliaren 44. edizioko hirugarren etapari ekingo diote, Quintana Martin Galindez eta Villarcayo artekoari (156 kilometro). Etapako interesgune nagusia helmugarako 36,5 kilometrora kokatuta egongo den Picon Blanco gaina izango da. Kategoria Bereziko mendatea da, 7,9 kilometroko luzera dauka eta, batez beste, 9,2ko maldak ditu.

2. ETAPAKO SALKAPENA:

1 - ROOSEN Timo (Jumbo) 3:48:43

2 - AFFINI Edoardo (Jumbo) d.b.

3 - HARPER Chris (Jumbo) d.b.

4 - ABERASTURI Jon (Trek) +0:05

5 - RODRIGUEZ Carlos (INEOS) +0:07

6 - GUERREIRO Ruben (EF Education) d.b.

7 - GAVIRIA Fernando (UAE) d.b.

8 - CALMEJANE Lilian (AG2R)+0:11

9 - TRONCHON Bastien (AG2R) d.b.

10 - BARBIER Rudy (Israel) +0:15