Itxi

Txirrindularitza

Roglicek Vuelta utzi behar izan du bezperan izandako erorikoaren ondorioz

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Txirrindulari esloveniarra bigarren postuan zegoen kokatuta sailkapen nagusian, Remco Evenepoel liderrarengandik 1:26ra.

  • Roglic, zaurituta, helmugan sartzen 16. etaparen erorikoaren ostean.

    Roglic, zaurituta, helmugan sartzen 16. etaparen erorikoaren ostean. Argazkia: EFE

Primoz Roglic esloveniarrak (Jumbo Visma) Espainiako Vuelta utzi behar izan du asteartean jokatu zen 16. etapan izandako erorikoaren ondorioz. Lasterketako azken hiru edizioetako irabazlea sailkapen nagusiko bigarren tokian zegoen kokatuta Remco Evenepoel liderrarengandik 1:26ra.

Jumbo Visma taldeak sare sozialen bidez iragarri duenez, "Zoritxarrez, Roglic ez da 17. etaparen irteeran egongo, atzoko erorikoaren ondorioz".

"Azkar sendatu, txapeldun! Eskerrik asko Vueltako une polit guztiengatik. Asmo handiko planak zenituen azken egunetarako, baina zoritxarrez ez da halakorik izango", gehitu du Jumbok, bere txirrindularia animatuz.

Lasterketako medikuek plazaratutako osasun-txostenaren arabera, esloveniarrak "kolpe anitz jasan, eta azaleko zauriak zituen ukondoan, aldakan eta eskuin aldeko belaunean".

Roglicek erasoa jo zuen helmugatik 2,7 kilometrora, eta beste lau txirrindularirekin batera esprint betean zegoen Fred Wright (Bahrain) britainiarrarekin talka egin eta eroriko itsusia izan zuenean.

Esloveniarrak etapa irabazi zuen Mads Pedersen danimarkarraren denbora berarekin zeharkatu zuen helmuga, eta 8 segundo murriztu zizkion sailkapenean Evenepoel liderrari.