Itxi

Txirrindularitza

Mallorcako Challengea

Bigarren garaipena jarraian lortu du Goosensek Tramuntana Sarian nagusituta

EITB Media

Kobe Goosens izan da nagusi bigarren egunez jarraian Mallorcako Challengean. Belgikarrak Tramuntana Saria irabazi du. Van Eetvelt bigarren izan da, eta Van Wilder hirugarren.

  • Kobe Goosens

    Kobe Goosens, Tramuntana Sriko irabazlea, Llosetako helmugan. Argazkia: EFE

Kobe Goosensek (Intermarche-Circus-Wanty) irabazi du Tramuntana Saria larunbat honetan, urtarrilaren 28an. Ondorioz, belgikarrak bere bigarren garaipena jarraian bereganatu du Mallorcako Challengean, egun bat lehenago Andratx-Mirador des Colomer Sarian nagusitu baitzen.

Goosensek 2 ordu, 55 minutu eta 7 segundo behar izan ditu Llosetan hasi eta amaitu den probaren ibilbideko 123,2 kilometroak betetzeko. Belgikan jaiotako beste bi txirrindularik osatu dute podiuma: Lenner van Eetvelt (Loto Dstny) eta Ilan van Wilder (Soudal-Quick Step) izan dira bigarren eta hirugarren hurrenez hurren.

Helmugarako 3,1 kilometro falta zirenean jo du erasoa Goosensek, berak eta beste sei txirrindularik osatutako taldetik, eta inor ez da haren erritmoa jarraitzeko gai izan. Belgikarrak hauxek izan ditu lagun ihesaldian: Andrea Bagioli (Soudal-Quick Step), Lilian Calmenaje (Intermarche-Circus-Wanty), Hugh Carthy (EF Education-EasyPost), Alessio Martinelli (Green Project-Bardiani CSF-Faizane), Brandon McNulty (UAE Emirates) eta Harrison Sweeney (Lotto Dstny).

Probako irabazleak momentu egokian arriskatu du, eta garaipenak ez dio ihes egin, hotza eta euria protagonista izan dituen jardunaldian. Etaparen ibilbidea murriztu egin behar izan dute elurrarengatik; azkenean, 123,2 kilometro izan ditu, 155,5 kilometro beharrean.

Sailkapena:

1 - GOOSSENS Kobe (Intermarche) 2:55:07

2 - VAN EETVELT Lennert (Lotto Dstny) + 7"

3 - VAN WILDER Ilan (Soudal) + 9"

4 - CALMEJANE Lilian (Intermarche) + 11"

5 - MCNULTY Brandon (UAE) + 13"

6 - CARTHY Hugh (EF Education) d. b.

7 - MARTINELLI Alessio (Green Project) d. b.

8 - TONELLI Alessandro (Green Project) + 21"

9 - ALMEIDA João (UAE) + 31"

10 - SWEENY Harry (Lotto) + 1'20"