Itxi

Txirrindularitza

2023ko UAE Tourra

Elisa Longok irabazi du UAE Tourra

A. B. E. | EITB Media

Italiako txirrindularia izan da lasterketako irabazlea, eta Charlotte Koolek bereganatu du garaipena laugarren eta azken etapan.

  • Elisa Longo

    Elisa Longo, 2023ko UAE Tourreko irabazlea. Argazkia: @TrekSegafredo

Elisa Longo (Trek-Segafredo) da 2023ko UAE Tourreko irabazlea. Igande honetan, otsailaren 12an, jokatu da laugarren eta azken etapa, Abu Dhabiko Erakusketa-Zentrotik Breakwaterrera artekoa (119 km), eta Charlotte Koolek (DSM) bereganatu du etapa garaipena.

Eguneko ihesaldian ibili dira hiru txirrindulari: Petra Stiasny (Fenix-Deceuninck), Aileen Schweikart (Laboral Kutxa) eta Iris Monticolo (Girls Fassa Bortolo). Trek-Segafredo taldeak kontrolpean izan du lasterketa, eta ihesaldia behera bota du helmugarako 18 kilometro falta zirenean. Ondoren, Liane Lippert eta Emma Norsgaard Movistarreko txirrindulariek jo dute erasoa, baina tropelak ez die alde egiten utzi.

Etapa garaipena esprintean erabaki da, eta azken metroetan Charlotte Kool izan da nagusi, Chiara Consonni (UAE Team) bigarren eta Lorena Wiebes (SD Worx) hirugarren.

Longok amaitu du lasterketa sailkapen nagusiko lehen postuan, taldekide eta herrikide Gaia Realini bigarrenari zazpi segundo aterata. Podiuma osatu du Silvia Persicok (UAE Team) hirugarren amaituta irabazlearekiko 1'18"ra.

Lehen hiru etapetako irabazleak eta liderrak

Lehen etapa Charlotte Koolek bereganatu zuen, eta liderraren elastikoa jantzi zuen herbeheretarrak. Bigarren etapan, aldiz, Lorena Wiebes nagusitu zen, eta sailkapen nagusiko lehen postuan kokatu zen; Kool herrikidea, berriz, bigarren postura jaitsi zen. Bestalde, hirugarren etapan Elisa Longok lortu zituen etapa garaipena eta lidertza. Ondorioz, italiarra liderraren elastikoarekin heldu zen azken etapara, Gaia Realini taldekidearekiko zazpi segundoko abantailarekin.

UAE Tourreko 4. etapako sailkapena:

1 - KOOL Charlotte (DSM) 2:57:55

2 - CONSONNI Chiara (UAE) d. b.

3 - WIEBES Lorena (SD Worx) d. b.

4 - NORSGAARD Emma (Movistar) d. b.

5 - DE ZOETE Mylène (CERATIZIT) d. b.

6 - CONFALONIERI Maria Giulia (Uno) d. b.

7 - BAKER Georgia (Jayco) d. b.

8 - ROY Sarah (Canyon) d. b.

9 - VERHULST Gladys (FDJ) d. b.

10 - SANGUINETI Ilaria (Trek) d. b.

UAE Tourreko sailkapen nagusia:

1 - LONGO BORGHINI Elisa (Trek) 12:08:48

2 - REALINI Gaia (Trek) + 0:07

3 - PERSICO Silvia (UAE) + 1:18

4 - SHACKLEY Anna (SD Worx) + 1:35

5 - CHABBEY Elise (Canyon) + 1:58

6 - HARVEY Mikayla (UAE) + 2:02

7 - PALADIN Soraya (Canyon) + 2:06

8 - PEPERKAMP Esmée (DSM) + 2:22

9 - LIPPERT Liane (Movistar) + 2:35

10 - MEIJERING Mareille (Zaaf) + 2:37