Itxi

Txirrindularitza

Jaengo Klasikoa

Tadej Pogacarrek 2023ko bere lehen garaipena lortu du Jaengo Klasikoa irabazita

EITB MEDIA

UAE Team Emirates taldeko txirrindulari esloveniarrak bakarrean egin ditu lasterketako azken 36 kilometroak. Ben Turner INEOS taldeko britainiarra bigarren postuan sartu da, eta Tim Wellens belgiarrak, Pogacarren taldekidea bera, hirugarren tokia erdietsi du.

5:47

Tadej Pogacar UAE Team Emirates taldeko txirrindulari esloveniarrak, UCI WorldTourraren sailkapeneko lehena bera, 2023ko bere lehen garaipena lortu du astelehenean Jaengo Klasikoa irabazita. Pogacarrek bakarrean egin ditu lasterketako azken 36 kilometroak, eta horrela sartu da Baezako helmugan; Ben Turner INEOS taldeko britainiarra, asteburuan Murtziako Itzulia irabazi ostean, bigarren postuan iritsi da, eta Tim Wellens belgikarrak, irabazlearen taldekidea bera, hirugarren tokia erdietsi du. Gorka Izagirre (Movistar) hamargarren postuan heldu da helmugara, eta sailkapen nagusian zortzigarren postua bereganatu du.

Helmugara iristeko 45 bat kilometro falta zirenean jo du erasoa Pogacarrek, Sergio Samitier Movistar taldeko aragoiarra lasterketa buruan zegoela. Biek bat egin ondoren, elkarrekin ibili dira kilometro batzuetan, baina esloveniarrak atzean utzi du Samitier, aurretik oraindik 36 bat kilometro zituztenean.

Azken zati horretan, irabazleak une oro eutsi dio abantailari, eta garaipen argia lortu du. Lurreko tarte batean, bizikleta aldatu behar izan du, arazo tekniko bat tarteko, baina, hori egin duenean segundo batzuk galdu arren, lasaitasun osoz ospatu du Baezan garaipena eskuan zuela.

Horrenbestez, Tadej Pogacarrek 2023ko denboraldiko lehen garaipena lortu du. Aste honetan bertan, lasterketa gehiago irabazteko aukera izango du; izan ere, Andaluziako Itzulian izango da, asteazkenetik.

2023ko Jaengo Klasikoaren sailkapena:

1. Tadej Pogacar 4:36:41

2. Ben Turner 00:49ra

3. Tim Wellens d. b.

4. Marc Hirschi 01:17ra

5. Andreas Kron d. b.

6. Ben Tulett d. b.

7. Lorenzo Rota d. b.

8. Georg Zimmermann 01:31ra

9. Warren Barguil d. b.

10. Gorka Izagirre d. b.