Itxi

Txirrindularitza

Andaluzian irabazi berri du

Pogacar ez da Strade Bianche lasterketan izango, eta Paris-Nizan irtengo da

EITB MEDIA

2022an Strade Bianche proba irabazi zuen, baina aurten Paris-Nizaren alde egitea erabaki du. Jonas Vingegaardek ere hartuko du parte bertan. Pogacar, gerora, Milan-San Remo Klasikoan eta Flandriako Tourrean ibiliko da.

  • Tadej Pogacar, Andaluziako Itzulian; esloveniarrak garaipena lortu zuen. Argazkia: EFE.

    Tadej Pogacar, Andaluziako Itzulian; esloveniarrak garaipena lortu zuen. Argazkia: EFE.

Tadej Pogacar UAE Emirates taldeko txirrindulari esloveniarra ez da Strade Bianche lasterketan izango. Martxoaren 4an jokatuko duten proba horrek lurreko hainbat tarte ditu, eta, besteak beste, horregatik du ospea. Pogacarrek 2022an irabazi zuen; aurten, baina, esloveniarra Paris-Niza lasterketan izango da, martxoaren 5etik 12ra bitartean.

Pogacarrek bost garaipen daramatza 2023an, eta bere planak aldatuko ditu "Eguzkiaren Lasterketa" izenekoan lehiatzeko; izan ere, Jonas Vingegaard danimarkarra ere bertan izango da. Vingegaardek eta Pogacarrek lehia handia izan zuten 2022an Frantziako Tourra irabazteko, eta Vingegaardek lortu zuen garaipena azkenean.

"Strade Bianchen eta Paris-Nizan ibiltzea erronka interesgarria da, baina besteren batean egingo dut", esan du Pogacarrek. Milan-San Remo Klasikoan, Flandriako Tourrean eta Frantziako Tourrean arituko da gero.

"Hemendik aurrera, lasterketa zorrotzak eta garrantzitsuak izango dira. Klasikoak ondo prestatu nahi ditut, bereziki Milan-San Remo eta Flandriako Itzulia, eta gero Tourra izango dut jomugan", adierazi du.