Itxi

Txirrindularitza

2023ko Vueltako 15. etapa

2023ko Espainiako Vueltan Iruñean hasiko den etapa Zitadelatik irtengo da

EITB MEDIA

Irailaren 10ean izango da hori (igandea da), hurrengo Espainiako Vueltako hamabosgarren etapan. Egun horretan, lasterketa Lekunberrin amaituko da; aurreko egunean, txirrindulariak Salbaterra Bearnotik abiatuko dira, tropela Euskal Herrian sartuko da eta etapa Larra-Belaguan bukatuko da.

  • Etaparen irteera astelehenean aurkeztu dute. Argazkia: Iruñeko Udala.

    Etaparen irteera astelehenean aurkeztu dute. Argazkia: Iruñeko Udala.

2023ko Espainiako Vueltan Iruñean hasiko den etapa Nafarroako hiriburuko Zitadelatik irtengo da, astelehenean Enrique Maya Iruñeko alkateak eta Javier Guillen Espainiako Vueltako zuzendariak irteera hori aurkezteko ekitaldian zehaztu dutenez. Irailaren 10ean (igandea) izango da, Espainiako Vueltaren hamabosgarren etapan. Egun horretan, lasterketa Lekunberrin amaituko da; aurreko egunean, txirrindulariak Salbaterra Bearnotik abiatuko dira, tropela Euskal Herrian sartuko da eta Larra-Belaguan bukatuko da etapa.

Hala, Iruñean hasiko den etapa Zitadelako barrutiko Laguntza Atetik irtengo da, eta zortzi kilometro neutralizatu baino gehiago egingo ditu hirian, hiru burguak inguratuta, Batasunaren Pribilegioaren 600. urteurrena gogora ekartzeko. Tropela Orkoiengo biribilgunetik aterako da Iruñetik.  

Espainiako Vuelta laugarren aldiz izango da Iruñean 2012tik. 2020an ere, pandemia garaian, Iruñea-Lekunberri etapa jokatu zen; etapa hark orain aurkeztu dutenak adinako zailtasuna izan zuen, baina ibilbidea desberdina da.

Iruñetik Lekunberrira joango den etapak 2023ko Espainiako Vueltako bigarren asteari emango dio amaiera, Pirinioetan, eta bigarren atseden egunaren bezperan egingo dute. Sinadura kontrola Bakearen plaza eta Yanguas y Miranda etorbidearen arteako elkargunean kokatuko dute, eta Armadaren etorbidea itxiko dute lasterketa Zitadela barrutik abiatuko baita. Gerora, tropelak Laguntza Atea zeharkatuta egingo ditu lehen metroak, barruti gotortutik Pio XII.aren etorbiderantz egiteko; Navas de Tolosa kalea, Sarasate pasealekua eta San Ignazio etorbidea igarota, txirrindulariak Labrit aldapatik Arrotxapearantz joango dira, Vergel eta Arga ibaia kaleetan barna, Cuatrovientoseraino.

Jarraian, trenbidearen gaineko zubia igaro, eta ezkerrera egingo dute, Santa Luzia pasealekutik Ofitas biribilguneraino. Lasterketak PA-30 eta NA-700 errepideak batzen diren biribilgunean utziko du Iruñeko udal mugartea, ondoren Orkoien aldera jotzeko.

Etapa, gero, Artazutik, Villatuertatik eta Lakuntzatik igaroko da, besteak beste, eta hiru mendate izango ditu, hirurak hirugarren mailakoak: Lizarraga, 76. kilometroan, eta Zuarrarrate (bi aldiz), 117. eta 148. kilometroetan, bigarrena helmugatik zortzi kilometrora. 

Aurreko egunean, irailaren 9an, Espainiako Vuelta Nafarroara iritsiko da, Larra-Belaguara. Larunbat horretan, lasterketa Pirinioetan barna ibiliko da. Etapak 161 kilometro izango ditu, eta horietatik 50 Nafarroako errepideetan egingo dituzte. Txirrindulariek Nafarroan Larraul maila bereziko mendateari egingo diote aurre 114. kilometroan, eta Belagua lehen mailako mendatea igo beharko dute ibilbidearen amaieran, bertan izango baita helmuga.