Itxi

Txirrindularitza

Flandrian Zehar

Oier Lazkanok bigarren postua lortu du Flandrian Zehar Klasikoan, eta Christophe Laportek irabazi du

EITB MEDIA

Movistar taldeko txirrindulari gasteiztarra lasterketa markatu duen ihesaldian sartu da, eta azken kilometroetan, Laportek lasterketa buruan zeuden ziklistak harrapatu eta gaindituta, indarra izan du berriro ere erasoa jo eta probako bigarren postua eskuratzeko.

1:06
Lazkano, Laporte eta Powless

Oier Lazkano Movistar taldeko txirrindulari gasteiztarrak bigarren postua lortu du, asteazkenean, Flandrian Zehar klasikoan, eta Jumbo – Vismako Christophe Laporte frantziarrak irabazi du lasterketa. Lazkano lasterketa markatu duen ihesaldian sartu da, eta azken kilometroetan, Laportek lasterketa buruan zeuden ziklistak harrapatu eta gaindituta, indarra, kalitatea eta adorea izan ditu berriro ere erasoa jo eta probako bigarren postua eskuratzeko, emaitza bikaina erdietsita.

Klasikoak 183,7 kilometroko ibilbidea izan du, Roeselaren hasi da eta Waregemen amaitu. Azken udalerri horretan eskuratu du Laportek asteko bere bigarren garaipena; izan ere, igandean, Gante – Wevelgem lasterketan, Flandrian ere, lehen postuan sartu zen. Frantziar txirrindulariak, 30 urtekoa bera, gogor borrokatu du, bere taldekideekin batera, eguneko ihesaldian zeuden ziklistak harrapatzeko; hasieran, ihesaldi horretan sartu dira, Lazkanoz gain, Kristoff (Uno-X), Vanhoof (Flanders), Zukowsky (Q36.5), Gidich (Astana) eta Heinschke (DSM). Flandrian Zehar proban hamaika mendate eta galtzada harriko zortzi tarte izan dira, emozioa nagusi izan da egun osoan eta parte-hartzaileak etengabe ibili dira lanean, garaipenaren bila.

Laportek garaipen bikaina lortu du helmugan. Argazkia: EFE.

Laportek garaipen bikaina lortu du helmugan. Argazkia: EFE.

Helmugarako lau kilometro geratzen zirela, Laportek erritmoa bizitu du eta atzean utzi ditu berarekin batera lasterketa buruan zihoazen txirrindulariak. Merezita irabazi du, baina Oier Lazkanok egindakoa ere nabarmentzeko modukoa da; klasikoaren azken tartean, Laportek garaipena eskuan zuela, Lazkanok berriro ere jo du aurrera, bigarren tokia lortu nahirik, eta lortu egin du. Igandean, Flandriako Itzulian, kontuan izateko moduko gizonen artean egoteko eskubidea bereganatu du, horrenbestez.

FLANDRIAN ZEHAR KLASIKOAREN SAILKAPENA

1 - LAPORTE Christophe (Jumbo) 4:06:20

2 - LAZKANO Oier (Movistar) d. b.

3 - POWLESS Neilson (EF Education) d. b

4 - PHILIPSEN Jasper (Alpecin) d. b

5 - PEDERSEN Mads (Trek) d. b

6 - DE LIE Arnaud (Lotto) d. b

7 - BALLERINI Davide (Quick Step) d. b

8 - PASQUALON Andrea (Bahrain) d. b

9 - BOIVIN Guillaume (Israel) d. b

10- POLITT Nils (BORA) d. b