Itxi

Txirrindularitza

Amstel Gold Race 2023

Pogacarrek bereganatu du garaipena gizonezkoen Amstel Gold Race Klasikoan, erakustaldia emanda

EITB Media

Tadej Pogacar esloveniarrak irabazi du Herbehereetako klasikoa. Ihes eginda iritsi da azken metroetara, eta garaipenak ez dio alde egin.

1:04
Tadej Pogacar

Tadej Pogacar UAE Emirates taldeko txirrindulariak irabazi du gizonezkoen mailako 2023ko Amstel Gold Race klasikoa igande honetan, apirilaren 16an, erakustaldia emanda. Esloveniarra onena izan da Maastricht eta Berg en Terblijt arteko 253,6 kilometroko ibilbidean.

Pogacarrek kontrolpean izan du lasterketa hasieratik amaieraraino. Sendo azaldu da igoeretan, eta UAE taldeak ere lan bikaina egin du taldeburuari laguntzeko. Helmugarako 29 kilometro falta zirenean jo du eraso erabakigarria, inork ezin izan dio haren erritmoari eutsi, eta bakarrik iritsi da helmugara, garaipena bereganatzeko. Ben Healey (EF Education) izan da bigarren, 38 segundora, eta Thomas Pidcock (Ineos Grenadiers) hirugarren, bi minutu eta 14 segundora.

Eguneko lehen ihesaldia zazpi txirrindulari hauek osatu dute: Vacek (Trek-Segafredo), Heinschke (DSM), Vercher (TotalEnergies), Vanhoof (Flanders-Baloise), Ludvigsson eta Fedeli (Q36.5) eta Urianstad (Uno-X). Tropelarekiko bost minuturainoko abantaila izan dute, baina UAE Emiratesek erritmoa bizitu ondoren, ihesaldiarenak egin du.

Pogacar bere legea ezartzen hasi da ibilbideko azken igoeretan. Amaierarako 80 kilometro falta zirenean, erasoa jo du, eta hamaika txirrindulari geratu dira tropletxo batean. Esloveniarrak beste eraso bat jo ondoren, aldiz, hamaikako taldea hirura murriztu da. Pidcockek eta Healyk egin dute aurrera Pogacarrekin batera.

Gurpilean matxura izan du esloveniarrak, baina bizikleta aldatu, eta arazoa konponduta geratu da. Pogacarrek erasoa jo du Claubergerako igoeran, helmugarako 36 kilometrora. Healyk eta Pidcockek eutsi egin diote, baina helmugarako 29 kilometro falta zirenean atzean utzi ditu biak ala biak. Pixkanaka-pixknaka, aurkariekiko aldea handituz joan da Pogacar, eta horrela helmugaratu da, eta garaipena lortu.

Pidcock bete egin da azken txanpan, eta Healyk aurrera egin du, britainiarra atzean utzi eta bigarren postuan helmugaratuta. Pidcock leher eginda iritsi da helmugara, baina hirugarren postuari eutsi dio. Andreas Kron (Lotto Dstny) eta Alexey Lutsenko (Astana) laugarren eta bosgarren izan dira, hurrenez hurren, eta gutxigatik ez dute Pidcock harrapatu.

Amstel Gold Race klasikoan lortutako garaipenarekin, Tadej Pogacarrek abisua eman du datorren astean jokatuko den Lieja-Bastogne-Lieja klasikorako. Belgikako lasterketan, Van Aertekin eta Van der Poelekin elkartuko da berriro.

SAILKAPENA:

1 - POGACAR, Tadej (UAE) 6:02:02

2 - HEALY, Ben (EF E) +0:38

3 - PIDCOCK, Thomas (Ineos) +2:14

4 - KRON, Andreas (Lotto) d. b.

5 - LUTSENKO, Alexey (Astana) d. b.

6 - BAGIOLI, Andrea (Soudal) +3:14

7 - VAN GILS, Maxim (Lotto) d. b.

8 - SKJELMOSE, Mattias (Trek) d. b.

9 - KAMP, Alexander (Tudor) d. b.

10 - ZINGLE, Axel (Cofidis) d. b.