Itxi

Txirrindularitza

Nafarroako Klasikoa 2023

Riejanne Markusek irabazi du Emakumeen Nafarroako Klasikoa

EITB Media

Herbeheretarra ihes eginda iritsi da azken txanpara eta garaipena bereganatu du. Dronova-Balabolina izan da bigarren eta Ella Wyllie hirugarren. Ane Santesteban euskal txirrindulariak bederatzigarren postuan amaitu du lasterketa.

0:41
Riejanne Markus

Riajanne Markusek (Jumbo Visma) irabazi du Emakumeen Nafarroako Klasikoa asteazken honetan, maiatzaren 10ean, Iruñean hasi eta bukatu den 136 kilometroko ibilbidean erakustaldia emanda.

Markus aise nagusitu da, aurkariei 40 segundo baino gehiagoko aldea aterata. Tamara Dronova-Balabolina (Israel Premier Tech) izan da bigarren eta lehen aldiz igo da podiumera aurten. Hirugarren izan da Ella Wyllie (Lifeplus Wahoo). Euskal txirrindulari onena Ane Santesteban (Jayco AlUla) izan da, 9. postua lortuta.

Lasterketa hasi eta jarraian ihes egin dute tropeletik 15 txirrindularik. Tropelarekiko minutu bateko abantailarekin iritsi dira lehen igoerara, eta errenta handituz joan da. Hala ere, helmugarako 24 kilometro falta zirenean, Meijering, Harris, Pirrone eta Swinkels faboritoek ez dute ikusi aurkariek estutuko zituztenik, eta aurrera egin dute 60 kilometro ihes eginda ibili ostean. Pirrone atzean geratu da El Perdonen.

Erica Magnaldi lanean ibili da aurreko taldea harrapatzeko, baina ez du bat egitea lortu. Geroago, Zizurrera iritsi aurretik, buruan zihoan tropela zortzira murriztu da, eta han geratu dira Markus, Swinkels, Santesteban, Dronova eta Wyllie, besteak beste.

Ella Harris eta Meijering lasterketaren buruan geratu dira, biak bakarrik, baina amaierarako hamar kilometro falta zirenean, Riejanne Markusek bat egin du haiekin. Herbeheretarrak beste biak atzean uztea lortu du, eta nagusitasunez bereganatu du garaipena.

Dronova-Balabolina izan da bigarren, 47 segundora, eta Wyllie sartu da hirugarren, minutu bat eta zazpi segundo galduta.

SAILKAPENA:

1 - MARKUS Riejanne (Jumbo) 3:50:23

2 - DRONOVA-BALABOLINA Tamara (Israel) +0:47

3 - WYLLIE Ella (Lifeplus) +1:06

4 - GASPARRINI Eleonora Camilla (UAE) d. b.

5 - SWINKELS Karlijn (Jumbo) d. b.

6 - PIRRONE Elena (Israel) d. b.

7 - MACKAIJ Floortje (Movistar) d. b.

8 - HARRIS Ella (Lifeplus) d. b.

9 - SANTESTEBAN Ane (Jayco) d. b.

10 - ARZUFFI Alice Maria (CERATIZIT) d. b.