Itxi

Txirrindularitza

Europako Txapelketa

Marlen Reusser eta Joshua Tarling, 2023ko Europako txapeldunak, erlojupekoan

EITB MEDIA

Txirrindulari suitzarrak, hala, hirugarren aldiz jarraian lortu du urrezko domina erlojupekoan; ziklista britainiarrak, soilik 19 urtekoa bera, aurrenekoz irabazi du, Drenthen (Herbehereetan), Europako Txapelketa.

  • Marlen Reusser, podiumean, urrezko domina irabazita. Argazkia: EFE.

    Marlen Reusser, podiumean, urrezko domina irabazita. Argazkia: EFE.

Marlen Reusser txirrindulari suitzarrak eta Joshua Tarling ziklista britainiarrak irabazi dute, asteazkenean, 2023ko Europako txirrindularitza Txapelketa erlojupekoan, Drenthen (Herbehereetan). Reusserrek hirugarren aldiz lortu du Europako titulua, 2021ean eta 2022an ere gailendu baitzen, eta Tarlingek, ordea, aurrenekoz eskuratu du urrezko domina.

Hala, Marlen Reusser SD Worx taldeko txirrindulari suitzarrak hirugarren aldiz jarraian irabazi du, asteazkenean, urrezko domina erlojupeko Europako Txapelketan. Parte-hartzaileek 29,8 kilometroko ibilbidea egin behar zuten, eta Reusserrek 35:53ko denbora egin du; Anna Henderson britainiarrak 43 segundo gehiago behar izan ditu, eta Christina Schweinberger austriarrak, ordea, garaileak baino 44 segundo gehiago baliatu dute proba amaitzeko. Hedersonek zilarrezko domina lortu du, eta Schweinbergerrek brontzezkoa.

Reusserrek elkarren segidako lau Europako Txapelketa daramatza dominaren bat eskuratzen; izan ere, 2020an, Plouayn, hirugarren gelditu zen, eta 2021ean, 2022an eta 2023an, Trenton, Munichen eta Drenthen, txapelketa irabazi du.

Gizonezkoetan, INEOS-Grenadiers taldeko Joshua Tarling britainiarrak, 19 urtekoa bera, urrezko domina irabazi du, lasterketa ederra eginda. Tarlingek 31 minutu eta 30 segundotan egin du 29,5 kilometroko ibilbidea; hortaz, bigarren postua eskuratu duen Stefan Bissegger suitzarrak baino 42 segundo gutxiago baliatu ditu, eta Wout van Aert belgikarrak baino 43 segundo gutxiago. Bisseggerrek eskuratu du zilarrezko domina, eta Van Aertek brontzezkoa. Stefan Kung suitzarra, garaipena eskuratzeko faborito nagusietakoa bera, podiumera igotzeko lehian zebilen, baina erorikoa izan du azken zatian, eta, horrenbestez, hamaikagarren postuan bukatu du proba.

Joshua Tarling, erlojupekoan. Argazkia: EFE.

Joshua Tarling, erlojupekoan. Argazkia: EFE.

Tarling gaztea, garaipena honen bidez, erakutsi du etorkizun handiko txirrindularia dela, erlojupekoetarako. Abuztuan, Belgikan jokatu zuten Renewi Tourrean, 13,6 kilometro erlojupeko bat irabazi zuen, Tim Wellens eta Yves Lampaert mendean hartuta. INEOSen, gutxienez, 2025era arte izango da.

Xabier Mikel Azparren hogeita bigarren postuan sailkatu da, 2:24ra. Euskaltel-Euskadiko txirrindulari donostiarra ondo aritu da Europako Txapelketa honetan.

23 urtez azpiko eta junior probak

23 urtez azpiko proban, Jane Zoe Backstedt britainiarrak lortu du urrezko domina. Zilarrezko domina Alemaniako Antonia Niedermaierrek eskuratu du, eta Anniina Ahtosalo finlandiarrak brontzea irabazi du. Idoia Eraso iruindarrak 30. postuan amaitu du erlojupekoa, Backstedtek baino hiru minutu eta 44 segundo gehiago baliatuta, eta Eneritz Vadillo gorliztarra, ordea, 33. tokian sailkatu da, 4:13ra.

Gizonekoetan, Alec Segaert belgikarrak 2022an irabazitako titulua berretsi du, beste behin lortu baitu garaipena. Segaertek Carl-Frederik Bevort danimarkarrak baino 37 segundo gutxiago behar izan ditu, proba osoa egiteko (Bevortek zilarrezko domina irabazi du), eta Gustav Wang danimarkarrak bereganatu du brontzezko domina.

Bukatzeko, junior mailan, Federica Venturelli italiarra, Stina Kagevi suediarra eta Hannah Kunz alemaniarra igo dira podiumera, ordena horretan; gizonezkoen proban, Withen Albert Philipsen danimarkarra, Jorgen Nordhagen norvegiarra eta Sente Sentjens belgikarra sailkatu dira aurreneko hiru postuetan. Nabarmentzeko modukoa da Markel Belokik lortutako zazpigarren postu bikaina.

2023KO EUROPAKO ERLOJUPEKO TXAPELKETA

Elite maila

1 - REUSSER Marlen (Suitza) 35:53

2 - HENDERSON Anna (Erresuma Batua) +0:43

3 - SCHWEINBERGER Christina (Austria) +0:44

------------------------------

1 - TARLING Joshua (Erresuma Batua) 31:30

2 - BISSEGGER Stefan (Suitza) +0:42

3 - VAN AERT Wout (Belgika) +0:43

23 urtez azpiko maila

1 - BACKSTEDT Jane Zoe (Erresuma Batua) 24:25

2 - NIEDERMAIER Antonia (Alemania) +0:57

3 - AHTOLSALO Aniina (Finlandia) +1:33

------------------------------

1 - SEGAERT Alec (Belgika) 22:02

2 - BÉVORT Carl-Frederik (Danimarka) +0:37

3 - WANG Gustav (Danimarka) +0:52