Itxi

Txirrindularitza

Europako Txapelketa

Frantziak taldekako erlojupeko mistoaren 2023ko Europako Txapelketa irabazi du

EITB MEDIA

Italiak lortu du zilarrezko domina, eta Alemaniak brontzezkoa. Audrey Cordon Ragot, Cedrine Kerbaol, Juliette Labous, Bruno Armirail, Remi Cavagna eta Benjamin Thomas izan dira talde txapeldunean. Lasterketa Emmenen egin dute (Herbehereak).

  • Bruno Armirail, maiatzean, Italiako Giroko lider ibili zen; orain, titulu hau lortu du (EFE).

    Bruno Armirail, maiatzean, Italiako Giroko lider ibili zen; orain, titulu hau lortu du (EFE).

Frantziak irabazi du, ostegunean, taldekako erlojupeko mistoaren 2023ko Europako Txapelketa, Emmen udalerrian; Drenthe probintzian dago Emmen, Herbehereetan, eta bertan ari dira jokatzen, egunotan, errepideko txirrindularitzako Europako Txapelketa. Audrey Cordon Ragot, Cedrine Kerbaol, Juliette Labous, Bruno Armirail, Remi Cavagna eta Benjamin Thomas izan dira talde txapeldunean. Elite mailako proban, Italiak lortu du zilarrezko domina, eta Alemaniak brontzezkoa.

Antolatzaileek prestatutako ibilbideak 38,6 kilometro zituen, eta Frantziako taldeak, errelebo mistoetako erlojupekoan, 44:23ko denbora egin du; hau da, kilometro orduko 52,17ko abiaduran egin dute. Italiak soilik bost segundo gehiago behar izan ditu, eta Alemaniak, ordea, txapeldunak baino 23 segundo gehiago baliatu behar izan ditu.

Horrenbestez, Frantziako seikoteak ospe handiko garaipena eskuratu du. Europako Txapelketa asteazkenean hasi zen, hilaren 20an, eta aurreneko urrezko domina da Frantziako selekzioarentzat; lehenengo egunean, banakako erlojupeko guztiak jokatu zituzten.

Junior mailan, Italia txapeldun

Junior mailan, Italiak erdietsi du Europako titulua, taldekako erlojupeko mistoan. Eleonora La Bella, Alice Toniolli, Federica Venturelli, Andrea Bessega, Luca Giami eta Andrea Montagner txirrindulariek osatu dute urrezko domina irabazi duen seikotea.

Alemania sailkatu da bigarren, 26 segundo gehiago baliatuta, eta Frantziak erdietsi du hirugarren postua, 35 segundora; hortaz, zilarrezko eta brontzezko dominak eskuratu dituzte azken bi selekzio horiek.

Taldekako erlojupeko mistoaren 2023ko Europako Txapelketa

Elite maila

1 - Frantzia 44:23

2 - Italia +0:05

3 - Alemania +0:23

Junior maila

1 - Italia 48:14

2 - Alemania +0:26

3 - Frantzia +0:35