Itxi

Txirrindularitza

1. etapa

Juan Ayusok Tirreno-Adriaticoko lehen etapako erlojupekoa irabazi du, eta lasterketako aurreneko liderra da

EITB MEDIA

UAEko txirrindulariak Ineoseko Filippo Gannak baino segundo bat gutxiago behar izan du probako lehen jardunaldiko 10 kilometroak egiteko. Jonas Vingegaard (Visma) bederatzigarren postuan sailkatu da, Ayusok baino 22 segundo gehiago baliatuta.

  • Juan Ayusok lehen etapa irabazi du, eta sailkapen nagusiko liderra da. Argazkia: EFE.

    Juan Ayusok lehen etapa irabazi du, eta sailkapen nagusiko liderra da. Argazkia: EFE.

UAE Team Emirates Juan Ayuso txirrindulari katalanak irabazi du, astelehenean, 2024ko Tirreno-Adriatico lasterketako lehenengo etapa, Lido di Camaioren jokatutako 10 kilometroko banakako erlojupeko bat, eta, horrenbestez, 59. Tirreno-Adriaticoko lehenengo liderra da. Ineos-Grenadiers taldeko Filippo Ganna zen erlojupekoan garaipena eskuratzeko faborito nagusia, baina Ayusok horrek baino segundo bat gutxiago behar izan du probako lehen jardunaldiko 10 kilometroak egiteko. Jonas Vingegaard (Visma), alegia, sailkapen nagusian garaipena lortzeko hautagai handiena, bederatzigarren postuan sailkatu da, irabazleak baino 22 segundo gehiago baliatuta.

Ayusok, hala, ezin hobeto ekin dio Tirreno-Adriaticoari; denboraldiko erronka nagusietakoa du lasterketa hori UAEko ziklistak. Aurreneko biak, Ayuso eta Ganna, bikain ibili dira, gogoan izateko moduko lehia izan da aurreneko etapan ikusitakoa.

"Astebeteko lasterketei erreparatuta, hau onenetakoa da; honela hastea, hemen nagoen aurrenekoan, eta erlojupekoa irabaztea bikaina da. Amesten duzun zerbait da, eta egia bilakatu da", adierazi du Ayusok, antolatzaileei egindako adierazpenetan.

Sailkapen nagusirako egian egoteko hautagaiak diren txirrindularien artean, Daniel Felipe Martínez (BORA-hansgrohe) hamazazpigarren sailkat da, 27 segundora; Decathlon AG2R La Mondiale taldeko Ben O'Connorrek 22. egin du, 30 segundora, eta Movistar Team taldeko lider Enric Masek 38 segundo galdu ditu (43. postuan amaitu du).

1. ETAPAKO SAILKAPENA ETA SAILKAPEN NAGUSIA

1 - AYUSO Juan (UAE) 11:24

2 - GANNA Filippo (Ineos) +0:01

3 - MILAN Jonathan (Lidl) +0:12

4 - VERNON Ethan (Israel) +0:13

5 - CERNY Josef (Soudal) +0:14

6 - WAERENSKJOLD Soren (Uno-X) +0:15

7 - TIBERI Antonio (Bahrain) +0:17

8 - VAUQUELIN Kevin (Arkéa) +0:18

9 - VINGEGAARD Jonas (Visma) +0:22

10 - GREGOIRE Romain (Groupama) m. t.