Frantziako Tourra
Faborito nagusia
Froome: 'Contador gainditzeak konfiantza ematen dit'
Erredakzioa
Sky taldeko britainiarra Frantziako Tourra irabazteko faborito nagusia da, Dauphine irabazi ondoren. Hala ere, Froomen ustez, Contadorrek borrokatzeko gogoak izango ditu uztailean.
-
Chris Froome. Argazkia: EFE
Christopher Froome sasoi betean helduko da Frantziako Tourrera, Dauphinen erakustaldia eman ondoren. Britainiarrak argi utzi du indartsuen dagoen txirrindularia dela, eta Alberto Contador bezalako 'handiak' aise gainditu ditu.
"Alberto Contador bezalako txirrindularitzako izen handiak gainditzeak konfiantza handia ematen dit, eta posizio onean nagoela esaten dit", esan du Sky taldekoak.
Froomek denboraldi borobila darama, Romandiako Tourrean eta Dauphine Kriteriumean garaipen garrantzitsuak eskuratuta. "Niri eta taldekideei batez ere konfiantza ematen digu. Hala ere, Dauphine Dauphine da, eta Frantziako Tourra lasterketa ezberdina da. Tourrean sasoi onean nor egongo den ikusteke dago, eta aurreneko astea gaindituta faboritoak nortzuk diren ikusiko da", esan du britainiarrak.
Sky taldeko liderrak aurkari gogorrena Alberto Contador madrildarra izango dela onartu du: "Garaipena lortu dut, eta oso pozik nago. Gainera sasoi honetarako oso posizio onean nago, baina Contador bezalako beste txirrindulari batzuk ere oso indartsuak dira, eta ez dira garaipenerako baztertu behar. Contadorrek Michael Rogersentzat korritu du, baina indartsu zegoela argi dut. Contador uztailean aurkaria izango da, ziur".