Itxi

X-deportes_tour de francia-X

X-deportes_tour de francia-X

Frantziako Tourra

Samuel Sanchez

'Andy eta Albertorekin gehien eusten duenak lortuko du 3. postua'

Erredakzioa

Euskalteleko txirrindulari asturiarrak Tourrean aurrenekoz podiuma zapaldu dezake. Horretarako, lehia estua izango du Denis Menchovekin Tourmaleten.

Samuel Sanchezek (Euskaltel Euskadi) gaurko atseden-eguneko prentsaurrekoan onartu du, Denis Menchoven eta bere arteko lehia, Tourmaleten erabaki daitekeela. Bere ustez, "Alberto Contadorri eta Andy Schlecki luzaroan eustea" izango da gakoa.

"Benetan zirraragarria izango da Denis eta nire arteko lehia hirugarren posturako. Nik hementxe bertan sinatuko nuke podiuma lortzea. Hasieran ez nuen espero hain ondo ibiltzea, baina Andy eta Albertorekin heltzen banaiz, hirugarren izango naiz Parisen", esan du.

"Hirugarren postu hori nahi dut, laugarrena ez delako batere ona, txokolatezko domina da. Morzine-Avoriazeko etapan gertatutakoa pena izan zen, baina hirugarren postuak dena leunduko luke hau munduko lasterketarik onena baita", zehaztu du.

Denis Menchov bere aurkariari buruz ere hitz egin du: "Bi Vuelta eta Giro bat irabazi ditu, nik baino askoz ere esperientzia gehiago du eta erlojupekoetan ia beti ni baino hobeto ibili da. Baina berdin dio, garrantzitsuena hanketako indarrari eustea da. Tenperaturak behera egiten badu, niretzat hobe".

"Tourmalet mendate benetan zaila da. Edozer gerta daiteke, kronoigoera antzeko bat bihur daiteke. Tour honetan igoko dugun gaiztoena da baina nik gustuko dut, erritmoan igo daiteke eta ondo banabil, onenekin egon naiteke", esan du txapeldun olinpikoak.

Andy Schlecken eta Alberto Contadorren arteko lehiari buruz galdetuta, Samuelek mugitu behar dena Andy dela esan du. "Andyk erasoa jo behar du. Hala ere, uste dut Alberto oso sendo dagoela eta ahaleginak neurtzen ari dela".

"Indarrak neurtu behar dira, azken etapetako erritmoak min asko egin du eta jendea ez doa batere ondo", esan du bukatzeko Samuel Sanchezek.