Itxi

X-deportes_tour de francia-X

X-deportes_tour de francia-X

Frantziako Tourra 2023

3. etapa

BMCk irabazi du taldekako erlojupekoa, eta Van Avermaetek jantzi du elastiko horia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Lau segundo atera dizkio Froomeren Skyri eta zazpi Quick Stepi, etapan bigarren eta hirugarren sailkatu diren taldeei, hain zuzen ere.

1:01

Greg Van Avermaet belgikarra da Frantziako Tourreko lider berria, bere taldeak (BMC) Choleten lehiatu den hirugarren etapako taldekako erlojupekoa irabazi eta gero.

Talde estatubatuarrak 38:46 behar izan ditu etapak zituen 35,5 kilometroak betetzeko. Haren atzetik sailkatu dira Sky, 4 segundora; Quick Step, 7ra; Mitchelton, 9ra eta Sunweb, 11ra.

Horrenbestez, Chris Froome bitainiarra izan da faboritoen artean etapari etekin handiena atera diona (BMCko kidea den Richie Porterekin batera), lehen etapako erorikoan galdu zuen denborako zati handi bat berreskuratu ahal izan baitu Skykoak. Hain zuzen ere, 49 segundo atera dizkie Nairo Quintana, Mikel Landa eta Alejandro Valverderi (Movistar) eta minututik gora beste aurkari batzuei; besteak beste, Romain Bardet frantziarrari (AG2R) edota Vincenzo Nibali italiarrari (Bahrain Merida).

Behin etapa amaituta, Greg Van Avermaetek jantzi du elastiko horia, nahiz eta Tejay Van Garderen taldekidearekin berdinduta dagoen denborari dagokionez. Mikel Landa murgiarra, ostera, hamazazpigarren tokian dago sailkatuta, liderrarengandik 53 segundora.

Astearte honetan laugarren etapa jokatuko dute txirrindulariek, La Baule eta Sarzeau  artean, 195 kilometroko ibilbidean zehar.