Itxi

X-deportes_tour de francia-X

X-deportes_tour de francia-X

Frantziako Tourra 2023

110. EKITALDIA

Zer dakigu orain arte 2023ko Tourraren balizko ibilbideaz?

AGENCIAS | EITB MEDIA

Ostegun honetan aurkeztuko den lasterketa Bilbotik abiatuko da uztailaren 1ean eta Parisen amaituko da Frantziako mendigune guztiak zeharkatu ondoren. Aurkezpena zuzenean ikusi ahal izanho da eitb.eus-en, 11:30etik aurrera.

  • 2022ko Tourreko mendate baten igoera.

    2022ko Tourreko mendate baten igoera. Argazkia: EFE

2023ko Frantziako Tourra, bere 120. urteurrenean, Bilbotik abiatuko da uztailaren 1ean, eta euskal errepideak izango ditu protagonista nagusi lehen hiru etapetan, Pirinioei inoiz baino goizago eta Frantziako gainerako mendigune nagusiei heldu aurretik.

Alabaina, lasterketaren nondik norako zehatzak ezagutzeko bihar arte itxaron beharko da; izan ere, Christian Prudhomme lasterketaren zuzendariak 110. edizioaren ibilbidea iragarriko baitu ostegun honetan. Oraingoz, lehenengo hiru etapak bakarrik ezagutzen dira, guztiak euskal lurraldean. Aipatu aurkezpena, 11:30etik aurrera izango da, eta emanaldia zuzenean ikusi ahal izango da eitb.eus-en.

Dena dela, orain arte egon diren informazio-filtrazioek iragartzen dutenez, tropelak garapen arinak erabili beharko ditu, mendiek protagonismo handia izango baitute, lasterketa Pirinioetatik, erdialdeko mendigunetik, Jura mendigunetik eta Alpeetatik igaroko dela espero baita.

Txirrindulariak hasiera zaila izango dute, Euskal Herritik barrena egin beharreko ibilbidea ez baita batere xamurra izango

Hala, bost mendate eta 3.300 metroko desnibel positiboa izango dituzte zain uztailaren 1ean Bilboko ingurumarietan. Gainera, helmugarako 10 kilometroren faltan, Pike gaineko malda gogorrak gainditu beharko dituzte.

Inoiz ez du Tourrak hain hasiera gogorrik izan, eta gogortasun horrek jarraipena izango du biharamunean, parte-hartzaileak Donostiako Klasikoko errepideetatik ariko baitira, Gasteizen hasiko den jardunaldian. Bigarren etapa horretan ere bost mendate izango dira, azkena Jaizkibelekoa, helmugarako 20 kilometro baino gutxiagora.

Esprinterren lehen hitzordua hirugarren egunean iritsiko da, Zornotzan hasi eta itxuraz Baionan (Lapurdi) amaituko den etaparekin.

OCAÑARI OMENALDIA

Tourrak omenaldia egingo dio Luis Ocañari, Frantziako itzulia irabazi zuenetik mende erdia beteko denean, eta berehala Pirinioei aurre egingo diote, Tourmaleteko igoerekin, eta ziurrenik baita Aspinekoa ere. Aldi berean, zenbait iturriren arabera Pauek erlojupeko bat hartuko luke.

Pirinioetako irteera Bordeletik izango da, ipar-ekialderantz, Libourne, Limoges edo Saint-Leonard-de-Noblaterantz abiatuz, non Raymond Poulidor bizi zen, erdialdeko mendiguneari aurre egin aurretik, Puy de Dômen helmuga izango duen balizko etapa batekin.

Baieztatzen bada, mendate mitikora doan bidea txirrindularientzat bakarrik izango da, ikuslerik gabe egingo baitiote aurre.

Ondoren, Tourra Auvernian kokatuko da, eta bertako sumendi ospetsuak erdi-mailako mendatez osaturiko etapen agertoki izango dira, uztailaren 10ean Clermont-Ferranden izango den atsedenerako lehen jardunaldiaren aurretik lehen.

JURA, BEHIN BETIKO EPAILEA

Ekialderako ibilbideak Boujolaiseko mahastietatik jarraituko du, eta paraje horietan ere erdi-mailako mendatez osatutako etapekin egingo dute topo, Jura mendiguneko aldapetara iritsi baino lehen. Bertan, litekeena da Grand Colombierrek helmuga bat hartzea.

Atsedenaldirako betarik gabe, lasterketak Alpeetarako bidea hartuko du, eta, bertan, ez da goi-mendia faltako, eta, ziurrenik, baita erlojupeko bat ere. Hau da, 2023an azken erlojupekoa ez da lasterketaren amaieraren bezperan egingo, baizik eta astebeteko aurretiaz, Salanchesen izango den atseden hartzeko azken egunaren aurretik.

Lozeko mendatea (2.304 metroko altitudea, eta % 20ko batez besteko aldapak), 2023ko Tourreko menura itzuliko da historian bigarren aldiz, 2020an Miguel Angel Lopez kolonbiarrak bertan irabazi ondoren.

Rodanoko haranera itzulita, tropelak iparralderantz joko du berriz ere Jurari aurre egiteko, oraingoan iparraldeko gunean, Grand Ballonera iristeko aukerarekin. Baliteke horri zikloturismoko errepide bat eranstea, 2023ko edizioaren azken mendatea izango denari are eta gogortasun gehiago aitortzeko.