Artea
'Goazen Txinara'
Joan-etorriko bidaia Txinako kulturara
"Noranzko biko zubia" proposatzen du Judas Arrietak, euskal artistek Txinan ikasi eta Txinako artistek euren lanak Euskal Herrian aurkez ditzaten.
Judas Arrietak Beijingo MA Studio delakoa zuzentzen du eta bostgarren aldiz Goazen Txinara ekimena aurkeztu du. Euskal artistek Txinan egonaldiak egiteko aukera dute ekimen horren bidez eta esan duenez, bere asmoa "noranzko biko zubia" ezartzea da, Txinako artistek euren lanak Euskal Herrian aurkez ditzaten.
Hondarribiko egilea Txinan bizi da 2005etik eta deialdi berri horren berri eman du: Etxepare Institutuarekin batera egingo du eta izena emateko epea urtarrilaren 30ean amaituko da. Ismael Iglesias margolari bizkaitarrak eta Koldo Almandoz zinemagile donostiarrak hartu zuten parte azken edizioan eta bi hileko egonaldia egin zuten Beijingen. Lehenak abstrakzio lan bat egin du eta bigarrenak material andana grabatu omen zuen etorkizunean pelikula bat egiteko.
Almandozek ere prentsaurrean parte hartu du eta esan duenez, oraindik ez daki zenbat iraungo duen bere pelikulak, baina hiru istoriotatik abiatuko dela esan du: bertako aktoreekin abiatutako bat, bestea kung-fuaren ingurukoa eta hirugarrena Txinako eguneroko bizitzaren ingurukoa eta Arrietaren artearen ingurukoa. Beijingo egonaldiaz asko disfrutatu zuela esan du eta "esperimentu bezala, oso aberasgarria izan da", jakinarazi duenez, baina ez du uste emaitza publikoaren gustukoa izango denik.
Arrieta oso pozik agertu da bere estudioa "laborategi gisa" erabiltzeagatik: bertan abuztuaren 1etik irailaren 30era izango dira bi euskal artista.
Bosgarren edizioa ospatzeko, "zerbait berezia" egin nahi du Arrietak eta "noranzko biko zubia" egitea proposatu du. euskal artistek Txinan ikasi eta Txinako artistek euren lanak Euskal Herrian aurkez ditzaten nahi du artista gipuzkoarrak. Azken lau urteotan 30 artista baino gehiago izan dira -hamabi inguru Etxepare Institutuarekin abiatu duen proiektuan- eta 23 ekitaldi inguru jarri ditu martxan, erakusketak, proiekzioak eta euskal artistak promozionatzeko jaiak barne.