Artea
Erakusketa
Titanic, Nola eraiki eta zergatik urperatu zen?
Martxoaren 24ra bitartean Donostiako Aquariumean ikusgai da erakusketa. Begirada berritzaile batez eraiki du Bilboko Itsasadar Itsas Museoak.
-
Titanic itsasontziari buruzko erakusketa, Aquariumen. Argazkia: EITB
Martxoaren 24ra bitartean Donostiako Aquariuma bisitatzera joango denak, Titanic itsasontziari eskainitako erakusketa ikusteko aukera ere izango du. Bilboko Itsasadarra Itsas Museoaren ekoizpena da, bertan izan eta Donostian dago ikusgai "Titanic, Nola eraiki eta zergatik urperatu zen?".
1912ko apirilaren 15ean, Titanic, munduko itsasontzi handi eta dotoreenak, Irlandako Queenstown portua utzi eta New Yorkerako bidea hartu zuen 2.227 bidaiarirekin, lau egun beranduago apirilaren 15ean hondoratu zen Atlantikoko ur jelatuetan izeberg batekin izandako talkaren ondorioz, 706 lagun baino ez zuten biziraun hondamendi hartan. Nola eraiki zen itsasuntzi hura, zergatik urperatu zen?
Orain arte Titanic itsasontziaren inguruan egin diren erakusketa eta bestelako ekimen askorekin alderatuz begirada berritzaile batez eraiki dute Bilboko Itsasadar Itsas Museoak ekoiztutakoa.
Izeberg hura topatu izan ez bazuen seguruenik iritsi izango zen New Yorkera baina bistan da jabeen dirugoseak eta ingeniarien harrokeriak izan zirela Titanicen flotazio marra lehen urratu zutenak gerora jakin denaren arabera.
Horren guztiaren eta gauza gehiagoren berri ematen da erakusketan, Donostiakoari beste elementu bat erantsi zaio Titanic itsasontziaren maketa ederra, bi metro baino luzeagoa, Fernando Aranburu zenak egin zuen eta "Cortes" jostundegiaren erakuslehioan ikusi dugu urtetan donostiarrok, orain leku ezinegokiagoa izango du Aquariumean erakusketak iraun bitartean.
Eskatzea libre da eta Bizente Zaraguetak, Aquariumeko presidenteak okasio aprobetxatu du adierazteko, Titanicen maketa eder horrek zein ondo emango zuen gero ere Aquariumean eta zein ondo zainduko zuten gainera. Bilboko Itsas Museoko zuzendariak, Jon Ruigomezek azkenik bi museoen arteko elkarlanaren garrantzia azpimarratu du.
Erakusketa Aquariumera joango diren bisitari denek ikusi ahal izango dute eta, gainera, Aquariumetik pasa gabe, erakusketa bakarrik ikusi nahi dutenentzat, ia larunbatero irekiko dute Nautilus aretora eramaten duen Paseo Berritik doan atea, arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara.