Itxi

Artea

Egitasmoa

Bilbao Art District: Bilboko Zabalguneko artea, kalera

Bilboko Zabalguneko museoek eta galeriek hiriko ikusmira artistikoa sustatuko dute maiatzaren 3an, 4an eta 5ean: kontzertuak, performanceak eta hainbat jarduera izango dira.

  • Erakusketa Bilboko Zabalgunean. Argazkia: EITB

    Erakusketa Bilboko Zabalgunean. Argazkia: EITB

Bilboko museoek, galeriek eta eragile kulturalek arte kalera aterako dute hiriko ikusmira artistikoa sustatzeko. Horretarako, maiatzaren 3an, 4an eta 5ean ordutegi zabalagoak izango dituzte eta kontzertuak, performanceak eta hainbat jarduera izango dira.

Jose Luis Sabas Bilboko Udaleko Obra eta Zerbitzuen Saileko zinegotzia, Josune Ariztondo Kultura ahalduna, Petra Perez Vanguardia galeriako arduraduna eta "Photo Gallery" galeriako zuzendaria Bilbao Art District ekimenaren aurkezpenean izan dira. Bilboko Zabalgunean aritzen diren eragile kulturalek sustatutako egitasmoa da, Bilboko Udalarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera. Bilbao Art District ez omen da une baterako egindako ekimen bat, denboran zehar mantenduko baita, auzoaren identitate artistikoa bultzatuz, kalitatezko eskaintza kultural baten bidez.

Egitasmoaren helburu garrantzitsuenetarikoa Bilbo artearen nazioarteko zirkuituan ezartzea da, artista garrantzitsuek hirian erakusketak ireki ditzaten eta Bilboko kaleak artista hasiberriei irekitzeko. Horrela, kulturako izen garrantzitsuak erakarri nahi dituzte: Estatuko bildumagileak, kritikariak, komisario-sortzaileak eta kulturari lotutako turistak.

Maiatzaren 3tik 5era, museoek ordutegi zabalagoa izango dute eta galeriek inaugurazio berezi bat egingo dute, elkarrekin, ordutegi zabalagoarekin. Gainera, inguruko ostalariek kontzertuak, performanceak eta hainbat jarduera kultural egingo dituzte.