Itxi

Artea

Antzezlana

'Publikoari gorroto', Donostia Antzerki Saria

"Publikoari gorroto", Xabier Mendigurenek idatzi zuen 1985ean eta sortu berria den Huts Teatrok ekoiztu. Ander Lipus da antzezle nagusia.

Manex Fuschek zuzendutako "Publikoari gorroto" antzezlanak eskuratu du aurten Donostia Antzerki Saria. Donostiako udaleko euskara zerbitzuak eta Donostia Kulturak eskaintzen duten saria da, iaz Donostian izan ziren euskarazko antzezlanen artean.

Zuzendariak 2011an "Errautsak" obrarekin eskuratu zuen sari hori eta 2009an "Juglarea, puta eta eroa"rekin

"Publikoari gorroto", Xabier Mendigurenek idatzi zuen 1985ean eta sortu berria den Huts Teatrok ekoiztu. Ander Lipus da antzezle nagusia eta Iñaki Ziarrusta eta Miren Tirapuk osatzen dute aktore taldea.

Saria emateko ekitaldia Antzerkiaren Nazioarteko Egunean egingo da, martxoaren 27an, arratsaldeko 20:00etan, Victoria Eugenia Antzokian. Talde irabazleak 10.000 euro eta Jose Luis Zumetaren margolan bat jasoko ditu; 8.000 euro orain eskuratuko ditu eta gainerako 2.000 euroak jasotzeko, 2015. urtea bukatu aurretik euskarazko antzerki lan berri bat eskaini beharko du Donostian.

Horrez gain, ikuskizun berri hori prestatzeko (proba saioak egiteko eta abar) bi aste egin ahal izango dituzte iparraldeko Harri Xurin dagoen produkzio gunean gastu guztiak ordainduta. Harri Xuri produkzio-gunea sormena lantzeko eta sustatzeko gunea da eta bertan leku berezia eskaintzen zaio euskarazko sorkuntzari. Saria Antzerkiaren Nazioarteko Egunean emango da, martxoaren 27an, emanaldiaren hasieran, eta ondoren Huts Teatrok "Publikoari gorroto" antzerki lan saritua antzeztuko du.