Itxi

Artea

Enkantea

Murilloren margolan bat Bilbon enkantean, 600.000 euroan

600.000 euroko salneurria izango du, hasiera batean, 'La Virgen con el Niño' lanak. 'Artesubastas' etxe bilbotarraren bozeramaileen arabera, "arrazoizko prezioaz" dago salgai.

1:12

Bartolomé Esteban Murillo margolari sevillarraren "La Virgen con el Niño" ("Ama Birgina Umea duela") lana enkantean aterako dute gaur Bilbon, 600.000 euroko hasierako salneurriarekin, Alvaro Jubera enkantean jarri duenak esan duenez. Enrique Valdivieso Sevillako unibertsitateko artearen historiako katedradunak ziurtatu du (Murilloren lanaren inguruko aditu garrantzitsuena) eta 1660 inguruan kokatzen du.

AEBetako San Franciscoko bildumagile pribatu batek bertsio ia berdina du. Murilloren lanak oso estimatuak ziren Sevillako bezeroen artean eta behin lehen modeloa eginda, bezeroek erreplika bat eskatzen zioten: horregatik daude itxura bera duten margolan bat baino gehiago. Samurtasuna modu bikainean adierazten du margolari sevillarrak, umea amaren altzoan dagoelarik.

"Gozotasun handia du margolanak: umearen ezpainak, Ama Birginaren aurpegia... Ama Birgina eta Umea ageri diren lan asko ditu Murillok, baina hau onenetarikoa da", adierazi du Juberak. Pradoko museoan edo Florenziako Pitti jauregian daude horrelako beste bi margolan. Modelo gazte eta ederrak azaltzen ditu, amaren eta umearen arteko maitasuna agerian gelditzen delarik. Murillo aditua zen gai horretan, 11 anai-arreben azkena izan zen eta zortzi seme-alaba eduki zituen.

Arratsaldean izango da "La Virgen con el Niño" margolanaren enkantea, "Artesubastas" etxean. Gainera, Francisco de Mendieta y Retes margolari bizkaitarraren triptiko bat ere enkantean jarriko da, XVI. mendekoa, 25.000 euroko hasiera salneurriarekin. Murilloren margolanaren hasierako salneurria (600.000 euro)  "arrazoizko prezioa" da enkante-etxeko arduradunen arabera eta gora egingo duela uste du, Espainiako XVII. mendeko margolanen eskaera handia dago, batez ere atzerriko museoen artean.