Artea
Jaialdia
Martxan da dFeria jaialdia
Dantzaz konpainiaren 'Naufragoak' ikuskizunean, Joseba Sarrionandiaren testuek Mikel Laboaren, Jabier Muguruzaren, Ken Zazpiren eta Kortaturen musikarekin bat egingo dute.
-
Iker Arrue eta Dasil Gonzalez 'Ojos en la nuca' ikuskizunean. Argazkia: EITB
Ostegunera arte egingo dute dFeria arte eszenikoen jaialdiaren XIX. edizioa. 27 ikuskizun izango dira guztira eta erdia baino gehiago euskal konpainienak izango dira, 17 estreinaldirekin.
14 antzezlan izango dira ikusgai, 11 dantza-ikuskizun eta bi diziplinak batzen dituzten bi ikuskizun. Horrela, jarduera paraleloak izango dira, hala nola, antzezlanak eta dantza-ikuskizunak sortzeko tailerrak. Victoria Eugenia jaialdiaren erdigunea izango da, baina Lugaritzen, Gazteszenan edota Intxaurrondo kultur etxean ere emanaldiak izango dira.
Programazioari dagokionean, Norka Chiapuso dFeriako zuzendariak Dantzaz konpainiaren 'Naufragoak' ikuskizuna goraipatu du. Martxoaren 19an egingo dute, Joseba Sarrionandiaren testuekin eta Mikel Laboaren, Jabier Muguruzaren, Ken Zazpiren eta Kortaturen musikarekin.
Gainera, Tanttakak 'Soinujolearen semea' taularatuko du, Bernardo Atxagaren izen bereko eleberrian oinarrituta. 'Zoomwooz' performancearen Europako estreinaldia egingo dute, Donostiako Suhiltzaileen eraikinean, eta Marta Etura aktore donostiarraren 'Return' lana ikusgai izango da. Azkenik, 'Sexpearamente', "jai giroko ikuzkizuna" goraipatu du eta 'Laboatik' nazioartera begira egindako lana uste du. 'Antigona Oriental' lanean, Uruguaiko diktadurako preso ohiak dira protagonistak.