Artea
Lana
Darío Urzayren begirada zabaldu da Guggenheim museoan
Formatu handiko lan bat (8,5 metro luze eta 1,70eko altuerakoa) dohaintzan eman dio Guggenheim museoari, 1997an erositako beste baten "bikia".
-
Dario Urzayren "Frakzioa, Mikrobertsoa II" margolana. Argazkia: Guggenheim Bilbao
Dario Urzay margolari bilbotarraren lan bat jaso du dohaintzan Guggenheim Museoak. "Frakzioa, Mikrobertsoa II" izeneko kuadroa da artistak museoaren esku utzi duena eta museoko bildumako “Mikrobertsoa bat” izeneko lana osatzera datorrena.
1997an erosi zuen Bilboko Guggenheim museoak "Frakzioa. Mikrobertsoa I" izeneko Dario Urzayren lana. Orain, 17 urte beranduago, artistak artelan horrekin batera margoztutako "Frakzioa. Mikrobertsoa II" izeneko obra museoaren esku uztea erabaki du. Dohaintza horri esker, museoko bilduman, Urzay bezalako euskal artista garaikideen presentzia aregotzea lortuko dela adierazi du Juan Ignacio Vidarte, Bilboko Guggenheim museoko zuzendariak. Dimentsio handiko artelanak dira biak.
Instalazio bat osatzen dute, pintura eta argazkigintza era harmoniatsuan uztartzen dituen instalazioa. Bi lanetan, ikusleari begira dauden begien argazkia ageri da. Batean kolore urdina da nagusi, pentsamenduarekin zerikusia duena eta bestean aldiz, gorria, odolarekin harremana duena. Dario Urzay artistarentzat, bi kuadro osagarri dira, bi anaia biki, berriz elkartuko direnak. Dohaintza hau esan bezala, Guggenheim-eko bilduma osatzera dator. 1997tik 18 dohaintza jaso ditu museoak eta egun, museoko bildumak 70 artisten 124 lan ditu.