Artea
Erakusketa
Gonzalo Chillidaren lanaren lehen atzerabegirakoa
Koldo Mitxelenako Ganbara aretoan da ikusgai. Lehen aldiz, ehun bat lan azaltzen ditu, tartean hainbat argazki eta bi proiektu mural ere.
Gonzalo Chillidaren atzerabegirako erakusketak ordezkatu du Bixente Ameztoyri eskainitakoa Koldo Mitxelena Kulturuneko Ganbaran. Bost urte dira artista donostiarra hil zela eta bere semealabak Javier eta Alicia Chillida izan dira erakusketa komisariatu dutenak. Ekainaren 15era arte izango da ikusgai.
XX. mendearen bigarren erdialdean izan dugun margolari garrantzitsuenetakoa da Gonzalo Chillida, anaia Eduardoren itzala oso handia zelako edota bere izaerari horrela zegokiolako bere obra, bere izena ez da horregatik, merezi duen neurrian ezaguna.
Erakusketa bereziak egin ohi dira Ganbaran, diseinua, komikia, literatura erakusteko gunea izan ohi da, halere, batikbat, artista gipuzkoarren eskultura eta bereziki pinturari eskaini ohi zaio espazio intimo hau. Javier eta Alicia Chillidak komisariatu duten erakusketa honetan, margolariak berak denboran zehar bere estudioan kontu handiz gorde zituen lanak ikus daitezke, gorde zituen gustoko zituelako edota beste obra batzuk garatzeko erabili ohi zituelako. Formatu txiki eta ertaineko obrak dira, 100 obra inguru, eta gehienak lehenbizikoz erakusten dira jende aurrean.
Oso nabarmena da Gonzalo Chillidaren hasierako obraren eta ondokoaren arteko aldaketa, hasierakoak lan esperimentalak dira, formak eta kontzeptuak bilatzen dituzte: lehen hondartza iristen den arte, hortik aurrera, 1960an gaude, area, itsasoa, hauen arteko muga, mendiak, basoak, koloreak, testurak, argiak nagusitzen dira, galdu egiten da kronologia. Milaka argazki egin zituen gero mihisera ekartzeko, paisaien atlas oparoa sortu zuen, hauekin bakarrik erakusketa bat antola ziteken, hauetako argazki gutxi batzu ere erakusten dira.
Badira arkitekturarekin harremanetan landutako bi proiektu mural ere, 2000. urtean Xabier Unzurrunzaga arkitektoarekin lankidetzan Benta-Berriko elizako absideko murala margotu zuen bere seme Juan Chillidarekin, 2005ean beste proiektu baterako muralak egin zituen, Igeldo Pabiloia zuen izena, Alicia Chillidaren proiektua zen Luis Enguita arkitektoarekin lankidetzan egina, pabiloiaren orma bakoitzarentzat koadro bat margotu zuen, itsasoari begiratzen zion orma hutsik geratzen zelarik, Gonzako Chillidaren ametsa zen bere estudioa Igeldo Pabiloian jartzea, baina inoiz ez zen proiektu hori gauzatu.
Gonzalo Chillidak Bilboko Arte Ederretako Museoan egin zuen bere erakusketarik handiena, bestela Galeriatan erakutsi zuen beti. Bere semealabei gustatuko litzaieke Ganbaran jarritako hau, beste erakusketa handi baterako lehen urratsa izatea, formatu txiki eta ertaineko obra hauekin, beste obra handiak erakustea, baina Gonzaloren obra oso banatua dago, han eta hemen salduta, eta hain zuzen ere, batetik, horren berri izan eta katalogatu ahal izateko eta bestetik, oro har, aitaren obra ezagutarazteko gonzalochillida.com webgunea abiaraziko dute.