Itxi

Artea

Erakusketa

Menchu Gal, bere lanean harreman zuzena izan zuten artistekin batera

Erakusketan 107 koadro daude, gehienak, 88, Menchu Galenak dira, gainerantzekoak berarekin harreman zuzena izan zuten artistenak dira, tartean Picasso, Dalí, Matisse, etab.

  • Menchu Galen erakusketa. Argazkia: EFE

    Menchu Galen erakusketa. Argazkia: EFE

Menchu Gal margolaria izango da Donostiako Kubo-Kutxa Aretoaren udako protagonista. Erakusketa hau Kutxa Fundazioaren, Menchu Gal Fundazioaren eta Irungo Udalaren artean sortutako lankidetza-hitzermenaren emaitza da, artista irundarraren obrarekin batera berarekin harrremana edota eragina izan zuten beste margolari askoren lanak bildu dira "Menchu Gal. Paris eta Madril artean" erakusketan.

Azken hiru urteotan Menchu Gal Fundazioak egin duen bidearen emaitza da erakusketa, oso erakusketa bizia, anitza, koloretsua... izan ere Menchu Galen margoei, bere pintore garaikide, maisu eta erreferenteen margoak jarri zaizkio aurrez aurre, harremanak nabarmenduz ala kontrajarriz, bere testuinguruan ulertzeko.

Menchu Gal familia dirudun batean jaio zen 1919an, oso txikitatik eraman zuten hain gustoko zuen pintura klasetara Gaspar Montes Iturrioz artista ezagunarengana, 13 urte besterik ez zituen Parisera bidali zutenean. Ospea 1959an iritsi zitzaion, Pinturako Sari Nazionala jaso zuen lehenengo emakumea izan bait zen.

Erakusketan 107 koadro daude, gehienak, 88, Menchu Galenak dira, gainerantzekoak berarekin harreman zuzena izan zuten artistenak dira, Picasso, Dalí, Matisse, Marie Blanchard, Antonio López, Rafael Zabaleta, Arteta, Montes Iturrioz, Balerdi etab. denak nahasian Menchu Galen pintura bere testuinguruan egoki kokatuz.

Baliteke Menchu Galen paisaiak izatea ezagunenak baina erakusketan garbi ikusten da, paisaiatan bezala, maisua zela, bodegoitan eta figuratan, erretratoetan ere, Edorta Kortadik lau aro edo etapa bereizten ditu bere pinturan.

Erakusketaren osagarri, proiekzio gelan "Menchu Gal. Kolorearen indarra/Un espiritu libre" 12 minutuko dokumentala izango da ikusgai. Ohi bezala, erakusketaren harira, zenbait hezkuntza jarduera antolatuko dira familientzat, egingo dira tailerrak eta doako bisitak larunbatetan. Audiogida sistemarekin ere bisitatu ahal izango da hizkuntza ezberdinetan. Eta katalogo eder bat argitaratu da erakusketaren koadro guztiak eta azalpenak biltzen dituena.

Irailaren hasiera arte, uda osoan geratuko da Menchu Gali eskainitako erakusketa Donostian hondartza aurreko Kubo-Kutxan.