Itxi

Artea

Antzezlana

Els Joglarsen 'El coloquio de los perros' antzezlanaren bira, Bilbon

Albert Boadella zuzendari gisa aritzen ez den lehen antzezlana da. Igandera arte izango da Bizkaiko hiriburuko Campos Eliseos Antzokian.

1:14

Els Joglars Kataluniako antzerki konpainiak Bilbon hasi du asteburu honetan "El coloquio de los perros" antzezlanaren bira. Lehen aldiz, Albert Boadella ez da zuzendaria. Espainiako Antzerki Klasikoko Zentroarekin elkarlanean egin dute eta izenburu bereko Cervantesen eleberriaren adaptazio bat da. Ramon Fontserek zuzendari lanak egingo ditu Boadellak kargua utzi ostean. 1962an konpainia sortu zuen Boadellak eta ordutik aritu da zuzendari gisa.

XVII. mendean Espainiako literaturan ohikoak ziren eleberrietako bat da "El coloquio de los Perros". Cipion eta Berganza ditu protagonista, udal txakurtegian giltzaperatuta dauden bi txakur, eta 24 orduz hitz egiteko aukera ematen diete. Bi txakurren arteko elkarrizketan, gizakien inguruko gorabeherak dituzte mintzagai eta gizakien "arrazionaltasunari" eta animalien "irrazionaltasunari" buruzko ironia egiten dute.

Els Joglarsen zuzendari berria antzezlanean ageri da eta Cervantesen eleberriaren adaptazio askea eskaintzen du. Martina Cabanasen eta Albert Boadella beraren antzerkigintza du. Madrilen martxoaren 26an estreinatu zuten eta arrakasta handia eskuratu zuen. Kataluniako konpainia hiri askotan arituko da, bira Bilbon hasten baitute.

Bilbon da lehen geldialdia, maiatzaren 5era arte Campos Eliseos Antzokian izango da ikusgai.