Itxi

Artea

Urteurrena

Oteiza museoak 10 urte bete ditu

Alzuzako museoak doako sarrera izango du maiatzaren 12ra bitartean. Gainera, kontzertuak, hitzaldiak eta beste hainbat ekitaldi izango dira urteurrena ospatzeko.

1:56
Jorge Oteiza

Oteiza museoak 10 urte bete ditu eta ospatzeko, hainbat jarduera antolatu dituzte. Sarrera libreko egunak izango dira, kontzertuak, lantegiak eta aurkezpenak.

Horrela, Alzuzako museoak doako sarrera izango du maiatzaren 12ra bitartean: bilduma iraunkorraren erakusketa, lantegi-etxea eta Forma laborategia ikusgai dira, eta baita José María de Labra aldi baterako erakusketa ere.

Gainera, bi kontzertu izango dira asteburuan: larunbatean Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren tronboi eta hari kuartetoak emanaldia eskainiko du eta igandean Iruñeko Goi Mailako Musika Kontserbatorioko musikari talde bat arituko da. Ekitaldiok 13:00etan hasiko dira.

Aurkezpen eta hitzaldia ere izango dira: igandean, adibidez, Jesús Mari Palaciosen "Casa vacía" dokumentalaren aurkezpena egingo dute. Jorge Oteiza eta Nestor Basterretxea artistak bizi izan ziren Irungo etxearen hondarretan barrena murgiltzen da, eta oraingo irudien eta iraganeko materialen arteko solasaldi bat ezartzen du.

Museoak, gainera, "Museoaren memoria eraiki" egitaraua jarri du martxan. Hamar urte hauetan bisitari izan direnek egin dituzten argazkiak emailez (info@museooteiza.org) bidaltzeko gonbitea egin dute, horiek museoan erakusteko. Horrela, Museoko atondoko paretak estaltzeko horma-irudi bat egingo dute.

Lantegiak haurrentzat

5 eta 12 urte bitarteko haurrek ere parte hartzeko aukera izango dute: artetik eta irudimenetik abiaturik jolas egin eta sortu ahal izango dute Ekinean lantegian. Igandean egingo dute, 11:00etatik 13:00ak arte.