Itxi

Artea

Arkeologia

Duela 23.800 urte inguru egin zituzten Askondoko margolanak

Bizkaiko Paleolitikoko hirugarren multzo artistikoa da. 38 figura identifikatu dituzte, horien artean dozena bat zaldi (1,70 metrokoak) eta esku bat.

  • Askondoko indusketak. Argazkia: EFE

    Askondoko indusketak. Argazkia: EFE

Bizkaiko Foru Aldundiak ezagutzera eman ditu Mañariako Askondoko haitzuloan egin dituen ikerketaren emaitzak. 2011an haitzuloan zenbait pintura aurkitu ostean ekin zioten ikerketari. Hormetako artearen prospekzioa eta dokumentazioa egin zen eta aztarnategian potentzial arkeologikoa zegoela ondorioztatu zen.

Aurkikuntza garrantzitsua izan da arkeologoen hitzetan, Askondoko aztarnategikoa. Leizea suntsituta zegoela uste zen eta orain, Bizkaiko Paleolitikoko hirugarren multzo artistiko bihurtu da, Santimamiñe eta Arenazaren ostean. Duela 23.800 urte inguru egin omen zituzten margolanak.

Guztira 38 figura identifikatu dituzte, gehienak pintatuta, horien artean dozena bat zaldi eta esku bat nabarmentzen dira. Gizkaien okupazioa ere izan zela ondorioztatu da.

Duela 60.000 urte neanderthalak izan ziren leizean eta harriz egindako zenbait erreminta utzi zituzten. Lehenengo homo sapiens gizakiak duela 31.000 urte inguru agertu ziren Askondon. Duela 3.300 urte Askondo hilobi leize gisa erabili zen hildakoak bertan uzteko. Dozena bat giza hondakin kontserbatu dira.