Artea
Urriaren 6a arte
Barrokoari buruzko erakusketa, Guggenheim museoan
Erredakzioa
Erakusketak aurrez aurre jartzen ditu XVII. mendeko artista handien lanak eta egungo sortzaileenak.
Kunsthaus Zürichek eta Guggenheim Bilbao Museoak lankidetzan antolatu dute "Barroko neurrigabea: Cattelanetik Zurbaranera. Bizitza ezegonkorraren adierazpideak". Erakusketak elkarrizketa bat sortzen du artelan garaikideen eta XVII. mendeko margolanen artean, eta helburu du Barrokoaren kontzeptua ohiko pertzepzio estetikotik aldentzea, zenbait klixe alde batera uzteko eta "bizitza ezegonkorraren adierazpideetan" arreta jartzen du: bizitzaren izaera ezegonkorra eta neurrigabea bezain zalantzagarria.
Erakusketak aurrez aurre jartzen ditu XVII. mendeko artista handien lanak eta egungo sortzaileenak: Pieter Aertsen, Giovanni Battista Langetti, Alessandro Magnasco, José de Ribera, Jan Steen, David Teniers Gaztea, Simon Vouet eta Francisco de Zurbarán, besteren artean, eta Maurizio Cattelan, Robert Crumb, Urs Fischer, Glenn Brown, Tobias Madison, Paul McCarthy eta Cindy Sherman, besteak beste.
Bi artelan multzo handi horien arteko azaleko analogia tematikoak eta formalak saihestea du asmo erakusketak; izan ere, errealitate desberdinak plazaratu arren, talka egiten dutenak, antzekoak direla aditzera eman nahi du: elkarren inspirazio-iturri dira, elkar elikatzen dute eta ikuslearen begirada berritzen dute.