Artea
Uztailaren 2tik 6ra
20 konpainiak parte hartuko dute Bilboko Kalealdian
Erredakzioa
Guztira, 39 ikuskizun jasoko ditu aurten bere hamalaugarren edizioa ospatuko duen jaialdiak.
-
Bilboko Kalealdia jaialdiaren aurkezpena. Argazkia: Bilboko Kalealdia
Bilboko Kalealdiak, Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdiak, bere hamalaugarren edizioa ospatuko du aurten, eta kaleko arte eszenikoen nazioarteko panoraman lehen mailan dauden konpainietako batzuen azken proposamenak bildu ditu. Jaialdia uztailaren 2tik 6ra egingo dute.
Jada ohikoak diren Kale Nagusiaren inguruek eta Zazpi Kaleen inguruetako zenbait plazak 39 ikuskizun jasoko dituzte, 20 konpainiarekin. Horietatik 9 Frantziatik eta Belgikatik etorritakoak dira, zazpi Estatutik, eta ATX Teatroa, Deabru Beltzak, Hortzmuga eta Turukutupa taldeak Euskal Herrikoak dira.
Guztiek ere euren azken lanak aurkeztuko dituzte Bilbon, gehienak proposamen eszeniko berritzaileak, musikatik dantza garaikidera, kaleko antzerkiarekin, egitura mugikorrekin edo zirkuko diziplinekin egiten den fusioarekin batera, clown-a, malabareak, akrobaziak edo txotxongiloak, besteak beste.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, Metro Bilbaorekin eta Institutu frantsesarekin elkarlanean antolatu duen Bilboko Kalealdiak, ikuskizun nagusia edizioari amaiera emateko programatu du, Xarxa Teatre konpainia valentziar ezagunaren azken lanarekin. Konpainiak Arriaga plaza beteko du Papers ikuskizunarekin, uztailaren 6an, gauerditik aurrera.
Ikus-entzuleen arreta piztuko duen beste ikuskizunetako bat, Kalealdia inauguratuko duena izango da. Subliminati Corporation konpainia frantsesak Le cabaret subliminal lana aurkeztuko du Arriaga plazan. Suitza, Danimarka, Italia, Ingalaterra edo Mexiko bezalako herrialdeetatik igaro den proiektuak lau diziplina uztartzen ditu: malabareak, kapelak, beatbox eta akrobazia, eta Mikel Ayala artista bizkaitarrak egingo duen malabare ikuskizun bikaina jasotzen du.
Bertako konpainiak
Ohikoa denez, Bilboko Kalealdiaren edizio honek kaleko Arte Eszenikoetako euskal ekoizpen lan berrienetako batzuk aurkeztuko ditu ATX Teatroa, Deabru Beltzak, Hortzmuga eta Turukutupa taldeen eskutik.
Kalea hartuko duen lehenengoa, Plaza Berrian (uztailaren 3an) Drumbreak dantza ikuskizuna, break dance eta perkusio fusioa, erritmo eta koreografia borroka, aurkeztuko duen Deabru Beltzak taldea izango da. Hortzmuga taldeari dagokionez, boterearen, politikaren eta komunikabideen arteko erlazioari buruzko gogoeta egiten duen Yo estuve allí y ... no lo contaron como yo lo vi ikuskizuna eskainiko du. Uztailaren 5ean, gaueko 23:30ean, lan horren gaueko emanaldia eskainiko da Areatzako kaian.
Turukutupa konpainiak, ikus-entzule guztiei zuzendutako Rezikletas musika ikuskizuna eskainiko du (uztailaren 5ean eta 6an). Bertan, lau antzezle-musikarik, kontzertu ibiltaria erakusten duen eszenaratzea egiten dute, erabat akustikoa den eta birziklatutako eta berrerabilitako materialetan oinarrituz egindako soinu euskarriarekin. Amaitzeko, ATX Teatroa taldeak, 2012ko Umore Azokan aipamen berezia jaso zuen Gnosia lana ekarriko du Arriaga plazara. Erabateko gaurkotasuna duen ikuskizun ziklikoa da, eta boterearen zentzugabekeriari, gure sumisio jarrerari eta ezinbesteko iraultzari buruz hitz egiten du.