Artea
Maitaldia
Dantzaren erritmoan
23. edizioa egingo du aurten Maitaldia jaialdiak eta irailaren 6tik 15era egingo dute Biarritzen. 46 dantza hitzordu antolatu dituzte guztira.
Irailaren 6tik 15era Biarritzen egingo den dantza jaialdi ikusgarria, Maitaldia. 23. edizioa egingo du aurten eta 46 dantza hitzordu antolatu dituzte. Dantzaren erritmoan biziko dira hamar egun horietan Biarritzen, ikuskizunak antzokietan eta kalean eskainiz.
Era guztietako dantza ikuskizunak izango dira Biarritzen aukeran, publikoa dantzaz gozaraztea du helburu Le Temps d'Aimer la Danse jaialdiak. Gaur egungo Europako koreografo ezagunak, ausartak, berritzaileak, handik eta hemendik iritsitako konpaniak, dantza talde handiak, txikiak eta dantzari bakarlariak... ugaritasuna aurkituko dugu parte hartuko duten 30 konpainien artean.
Malandain Ballet Biarritzek eta Euskadiko Orkestrak egingo dute irekiera saioa, Gare du Midin, Thierry Malandainen azken sorkuntzarekin, "Cendrillon" arrakastatsuarekin. Ez da estreinaldirik izango baina bestela nekez ikusiko genituzken ikuskizunak eskainiko dizkigu Maitaldiak. Programazio zuzendariak, Thierry Malandainek Olivier Duboisen konpainiak dakarren ikuskizuna nabarmendu du.
Tragedia izeneko ikuskizunean 18 dantzari biluzik: ikuskizun kontzeptuala, indartsua da, publikoan probokazioa baino emozio sakona eragiten duena. Avignonen aurkeztu zuten arrakasta handiz.
Helburua dantzaren mundura ahalik eta jende gehiena erakartzea da eta sarrerak prezio onean jartzen dituzte, bi ikuskizunetarako sarrerak 40 euro, laurako 64, seirako 84 eta 10 ikuskizunetarako 120 euro. Bestalde 26 urtetik beherakoentzat, langabetuentzat eta ikasleentzat 12 eurotan dira sarrerak.
Gainera, asko dira kaleko ikuskizunak eta antzoki barruan arituko direnak ere entsegu irekiak egingo dituzte denak eguerdian.
Honen guztiaren osagarri dira egingo diren ikastaroak, hitzaldiak etab. Dantzaz maitemintzeko garaia izango da Biarritzen irailaren 6tik 15era, Maitaldian.