Itxi

Artea

Erakusketa

Oteizaren 'beste aldea', Arantzazun

Arantzazura eraman dute Oteizaren alde literarioa ere agertzen duen mostra hau, eta marrazki, estanpa, olerki eta eskultura txiki zenbaiten bidez ematen zaigu horren berri.

2:02

Irailaren 29ra arte izango da Arantzazun, Gandiaga Topagunean, "Jorge Oteiza: Marrazkiak, Estanpak eta Hitzak" erakusketa. Oñatiko Udalak eta Arantzazu Gaur Fundazioak antolatu, eta Oteizaren irudia eta bere proiekzioa gogoratu nahi dituzte erakusketan.

Oteizaren heriotzaren 10. urteurrena izan da aurten eta 10 urte bete dira Altzuzako Museoa zabaldu zela. Arrazoi ugari beraz erakusketa hau antolatu ahal izateko, eta Arantzazun gainera. Jakina da zer nolako harremana izan zuen Oteizak Arantzazurekin eta gainera, artista handiaren "beste aldea" erakutsi nahi du Felix Marañak moldatu duen erakusketak.

Erakusketa hau 2000 urtean egin zen lehen aldiz, Oteiza bizirik zela. Orain, Arantzazura eraman dute bere alde literarioa ere agertzen duen mostra hau, eta marrazki, estanpa, olerki eta eskultura txiki zenbaiten bidez ematen zaigu horren berri.

Erakusketa berezia da zalantzarik gabe, Arantzazun paratu duten hau: bertan ikusgai dituzten artelan gehientsuenak, Felix Maraña komisarioak bilduma pribatuetatik ekarritakoak dira, Juan Biainek, Gandiaga Topaguneko arduradunak azaldu bezala.

"Oteiza: Marrazkiak, estanpak eta Hitzak" erakusketa, irailaren 29ra arte izango da Arantzazuko Gandiaga Topagunean, eta tarteka Bisita Gidatuak ere egin daitezke.

Irailaren 29ra arte Arantzazun, eta hortik aurrera, besteak beste Burgosera eta New Yorkera eramango dute Oteizaren inguruko erakusketa hau.