Itxi

Artea

1.000 milio euro

Alemaniako Poliziak naziek lapurtutako 1.500 artelan berreskuratu ditu

Erredakzioa

Margolanak Municheko 80 urteko gizon baten etxebizitzan topatu dituzte. Artelanak, besteak beste, Picasso, Matisse, Chagall eta Nolde artistenak dira.

  • Alemaniako Poliziak artelanak topatu dituen etxebizitzako sarrera. Argazkia: EFE

    Alemaniako Poliziak artelanak topatu dituen etxebizitzako sarrera. Argazkia: EFE

Alemaniako Poliziak naziek lapurtutako 1.500 artelan berreskuratu ditu, 80 urteko gizon baten Municheko etxean. Poliziak zabaldu duenez, margolanak, besteak beste, Picasso, Matisse, Chagall eta Nolde artistenak dira eta 1.000 milioi euroko balioa izan lezakete.

Focus astekariak argitaratu duenaren arabera, 2011n hasi zuten ikerketari amaiera eman dio aurkikuntza honekin aduanako ikertzaile talde batek.

Orain, margolanak Bavierako aduanek Garching herrian duten segurtasun gela batera eraman dituzte. Historialari batek zehaztuko ditu artelan bakoitzaren egilea eta balioa.

Alemaniako aldizkari horrek gaineratu duenez, 80 urteko gizonaren aitak 30eko eta 40ko hamarkadetan eskuratu zituen artelanak, eta biltegi batean gordeta zituen.

Besteak beste, pinturak Pablo Picasso, Henri Matisse, Marc Chagall, Emil Nolde, Franz Marc, Max Beckmann eta Max Liebermann artistenak izan litezkeela aurreratu dute.